argia.eus
INPRIMATU
EBko zigorren bateratzeak 45 euskal presori eragingo die
  • Zalapartak zalaparta, eta Espainiako Senatua gainditu ondoren, Europako zigorrak bateratzeko lege aldaketak aurrera jarraituko du. Horrela, 2008an zigorrak bateratzeko Europak onartutako zuzentarauari Espainiak 2014an jarritako salbuespena desagertuko da, eta horrek 45 euskal preso politikori eragingo die.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko urriaren 11
Presoak askatzeko Ipar Euskal Herrian egindako mobilizazio bat. Ibai Arrieta - ARGIA Fototeka

2008an Europar Batasunak onartu zuen batasuneko presoen zigorrak bateratzea, eta horrek esan nahi zuen delitu beragatik estatu desberdinetan zigortutako presoen kartzela urteak bateratuko zirela. Adibidez, talde armatuko kide izateagatik zazpi urteko kartzela jarri zioten pertsona bati Alemanian, eta bete ondoren Poloniara estraditatu zuten; han berriz epaitu eta 15 urteko espetxe zigorra jarri zioten. Bada, delitu beragatik kondenatu zutenez, orain zortzi urte bete beharko ditu eta aske geratuko da. Espainian balitz, preso horrek hamabost urteak osorik bete beharko lituzke eta, hortaz, denera 22 urte egingo lituzke preso.

Hori gertatu zaie euskal preso askori, eta askok kalean beharko lukete dagoeneko. Baina zuzentaraua 2014an Espainian indarrean jarri zenean, orduan gobernuan zegoen PPk erabaki zuen lege horri salbuespen bat jartzea: bakarrik aplikatuko litzaieke 2010aren ondoren zigortutako presoei, horrela euskal preso pila bat neurri horretatik kanpo geratuko lirateke.

El Diario-k ostegun honetan dioenez, duela sei urte EH Bilduk eta PSOEk lehenaren sostengua negoziatu zutenean, EH Bilduk presoen gaia bideratu beharra jarri zuen mahai gainean, eta horretarako, apurka, euskal presoei jarritako salbuespen neurriak indargabetzea eskatu zuen. Eta logika horretan, PSOEk sakabanaketarekin amaitu zuen, 2023an bukatu zen prozesu luzean.

Aipatu hedabideak dioenez, zigorra betetzeko zuzentarau ere logika horretan indargabetuko da eta lege aldaketa egiteko prozedurak hilabeteak daramatza bidea egiten Espainiako Kongresuan. Besteak beste, 11 aldiz izan da zuzenketak aurkezteko aukerarik, eta ez zaio bat bera ere jarri. Zuzenketak aho batez iragan du zeharkatu beharreko ate bakoitza. Lege bidea, beraz, oharkabean egin du biktimen elkarte batzuk ohartu diren arte horrek ETAko hainbat kideri eragiten diela eta, ondorioz, batzuk laster kaleratuko dituztela.

PPk eta Voxek autokritika egin dute orduan eta haien akatsa izan dela aitortu dute, biktimen elkarteei barkamena eskatu diete, eta PSOEri atzera egitea exijitu diote. Lege zuzenketa Sumarrek bideratu du, ordea, eta PSOEk aurrera segituko duela iragarri du ostegunean Espainiako Senatuan egindako saio trumoitsuan.

40 urteko zigorrak berrikusteko eskaera

Hiru hilabete barru hamahiru urte beteko dira ETAk jarduera armatua utzi zuenetik, eta Etxerateko datuen arabera, oraindik 130 preso daude Euskal Preso Politikoen Kolektiboan. Salbuespen hau indargabetu ondoren, hurrengo helburuak hirugarren gradua eta 7/2003 legea lirateke. Hirugarren gradua Auzitegi Nazionalaren eta Espetxeetako junten soka-tira gisako bat da oraingoz eta euskal preso politikoek zailtasunak dituzte harekin ateratzeko.

Dena den, arazo handiena orain 7/2003ko legea da, PPk 2003an indarrean jarri zuena, terrorismo kasuetan 30 urteko gehienezko zigorra 40 urteraino luzatzeko. Funtsean, ETAko presoak gehiago zigortzeko neurri bat zen. Etxerateko datuen arabera, gaur egun 60 presori eragingo lieke lege horrek. ETA duela sei urte desagertu zen eta testuinguru horretan lege hori indargabetzea eskatu dute sarri presoen inguruko eragileek, eta hori ez bada, zigorrak berrikusteko aukera. Europako hainbat herrialdek onartzen dute bizi osorako zigorra euren legedian, baina praktikan ez da betetzen, 15 urtera edo 20ra, 25era... zigorra berrikusteko mekanismoak dituztelako eta horietan presoa kalera ateratzen delako.