argia.eus
INPRIMATU
Desazkundeak ku-ku egin du Bruselan eta eskuinak EBko Itun Berdea geldotu nahi du
  • Joan den maiatzaren 15, 16 eta 17an Hazkundetik harago 2023 konferentzia egin zen Europako Legebiltzarrean. Hazkunde ekonomikoa herritarren ongizatea eta gizartearen jasangarritasuna neurtzeko neurgailu ona ote den aztertu zuten.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko maiatzaren 23a
@GreenEFA

Ekonomiaren hazkundeak eta Barne Produktu Gordinaren igoerak markatzen dute gaur egun garapenaren bilakaera; ekonomia zenbat eta gehiago handitu, are eta hobeto. Horrek talka egiten du bizi dugun aldaketa klimatikoarekin eta horrek behartzen duen trantsizio energetikoarekin, baina gobernuek ez dute ereduarekin apurtzeko interesik erakusten.

Hala ere, ekonomiaren desazkundearen gaia gero eta indar handiagoa ari da hartzen, konferentzian ikusi zenez. Horren erakusle da, halaber, Europako Legebiltzarreko bost alderditako hamazortzi eurodiputatuk BPG baztertu eta ongizatea neurtzeko bestelako irizpideak sortzeko eramandako proposamena.

Konferentzian eurodiputatuak, zientzialariak, antolakunde sozialetako ordezkariak eta beste bildu ziren, eta argi ikusi zen desazkundea leku egiten ari bada ere gisa honetako konferentzietan, oraindik oso urruti dagoela gobernuek aintzat hartzetik.

"Desazkundea leku egiten ari bada ere gisa honetako konferentzietan, oraindik oso urruti dago gobernuek aintzat hartzetik"

Funtsean, garatutako herrialdeek uste dute klima aldaketari aurre egiteko ez dela gutxiago ekoiztu eta kontsumitu behar; egoera bideratzeko nahikoa dela hazkunde fosiletik hazkunde berdera iragatea, horretarako energia berriztagarriak eta bioerregaiak handituz. Europar Batasunak 2020an onartutako Itun Berdea du finkatua bide hori egiteko, eta haren ordezkari instituzional gehienek ildo hori babestu zuten konferentzian.

Itun Berdea geldotu nahi dutenak

EBk iparrorratz gisa duen hazkunde berdea, beraz, mutur batean, eta oraindik gizartean apenas indarrik duen, baina hazten ari den, desazkundearen diskurtsoa bestean. Hainbat soegilek azpimarratzen dutenez, ordea, bada ere gero eta indar handiagoa hartzen ari den hirugarren bide bat: Europako eskuina buru, EBren trantsizio berdea geldotu nahi dutenena.

EBren Itun Berdeak eskatzen dituen lege aldaketei begira bi urteko moratoria eskatzen ari diren sektoreak dira, besteak beste Emmanuel Macron Frantziako lehendakariaren gidaritzapean. Europako Alderdi Popularraren buru Manfred Weberrek ere bat egin du ahalegin horrekin. Esaterako, Europako Batzordeak 2030erako erdira murriztu nahi ditu pestizidak, eta popularrak presio egiten ari dira epe horiek malgutzeko.

"Bada gero eta indar handiagoa hartzen ari den tarteko bide bat: Europako eskuina buru, EBren trantsizio berdea geldotu nahi dutenena"

Alemania buru, autogintzaren kasuan ere oso agerikoa izan da norabide horretan egindako presioa, zeinaren ondorioz lortu duen konbustioko motorrak dituzten autoak 2035etik harago ere matrikulatu ahal izatea.

Baina ongizate ereduez gain, beldur elektoralak ere badira jarrera horretan, Andres Actis kazetariak azaltzen duen gisan, bereziki Macronen kasuan. Eskuin muturrak Herbehereetan izandako arrakasta dela eta, Frantziako lehendakaria beldur da Fronte Nazionalak berdina lortzea hexagonoan. Moratoriarekin Macronek saihestu nahiko luke desindustrializazioak eta nekazaritzako hainbat alorretako gainbeherak kolpatutako sektoreek eskuin muturrarekin bat egitea.

Moratoriaren defendatzaileen aburuz, Europak jadanik bide luzea egin du trantsizio energetikoaren bidean, etxeko-lanak eginak ei ditu eta puntan da munduan, eta bada ordua atseden apur bat hartzeko, industriak eta sektore kaltetuak berriz indartu daitezen.

Argazkia: @GreenEFA