argia.eus
INPRIMATU
Industria kimikoa EBk produktu toxiko oso kaltegarriak murriztu ez ditzan presionatzen ari da
  • Giza Biomonitorizazioaren Europako Ekimenak bost urte daramatza lanean eta bere baitan hartzen ditu 116 gobernu agentzia, laborategi eta unibertsitate. Bere proiektu garrantzitsuenean aztertzen ari dira europarren gernu eta odolean diren hamazortzi produktu kimiko toxikoren presentzia. EBk murriztu nahi ditu horiek eta lobby kimikoak kontrako norabidean presionatzen du.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko uztailaren 13a
Industria kimikoa Tarragonan.

Dagoeneko aztertu dituzte 28 herrialdetako 13.000 pertsonaren laginak eta ikerketak aurkitu duenez, "biztanleriaren zati handi batek hainbat substantzia arriskutsu jasan dezake, gaixotasun larriak eragiteraino”. Adibidez, herritar helduen %92etako laginetan bisfenol A agertu zen, ugalketan arazoak ekar ditzakeen endokrino toxikoa.

Hori dela eta, duela hiru urtetik hona Europan kontsumitzen diren produktuetako toxikotasuna ezabatzeko edo murrizteko plangintza handia jarri zuten abian EBko erakundeek. Horren arabera, esate baterako, espero zen 7.000 eta 12.000 substantzia arriskutsu artean debekatzea.

Aste honetan The Guardian-ek ezagutzera eman duen filtrazio baten arabera, aldiz, industria kimikoa gogor ari da presionatzen Europar Batasunean eta legediaren murrizketa aurreikusitakoa baino askoz txikiagoa litzateke. Substantzia kimikoak arautzen dituen EBko Reach Erregelamenduaz ari da filtratutako txostena, aurtengo urtarrilekoa da eta urte amaierarako jarri nahi dute martxan.

Zirriborroaren arabera, kontsumitzen diren produktu kimiko horietako askok minbizia, asma, obesitatea eta beste gaixotasun asko eragiten dituzte, eta debekatuz gero, besteak beste horien tratamenduetan 11.000 eta 31.000 milioi euro artean aurreztuko lirateke urtean. Produktu kimiko horien murrizketak, halaber, doikuntza-kostuak ekarriko lizkieke enpresa kimikoei, baina gaitzei aurre egiten gastatutakoa baino askoz gutxiago: 900 eta 2.700 milioi euro artean izango lirateke urtean.

Duela hiru urte Europako Batzordeko lehendakari exekutibo Frans Timmermansek agindu zuen substantzia arriskutsuak debekatu egingo zirela kontsumo produktuetan. Orain ordea, txosten horrek erakusten du debekuak produktu toxikoen %1etik %50ari bakarrik eragin diezaikeela. Marike Kolossa-Gehring doktorearen arabera, 2020an 34 milioi tona substantzia kartzinogeno, mutageno eta ugalketarako toxiko kontsumitu ziren Europan.

Industria kimikoak eta Europako Alderdi Popularrak (EAP) gogor presionatu dute Europako Batzordean, eta horrek batzordeko bi sailen arteko zatiketa ekarri du: Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak neurri irmoen aldeko presioa egin du, eta Barne Merkatuko Zuzendaritza Nagusiak galga jarri die murrizketei.

Joan den irailean, EAPk lehen aldiz proposatu zuen "araudi-moratoria bat, enpresentzako kostuak beharrik gabe handitzen dituzten ekintzak atzeratzeko". Ia aldi berean, BASF kimikari alemaniar erraldoiak Europako plantilla murriztuko zuela iragarri zuen eta horrek bazuela zerikusirik "gehiegizko erregulazioarekin".

Alemaniako VCI industriaren elkartearen esanetan, halaber, produktu kimikoak betiko debekatzeko proposamenak ondorio "kaltegarriak" izango lituzke Alemaniako industriarentzat: "EBn debekatzen den substantzia horietako bakoitzarekin, areagotu egiten da gure industriak gutxiago araututa dauden eskualdeetara emigratzeko arriskua". Iaz VCIk 150.000 euro baino gehiago eman zizkien Alemaniako Batasun Kristau-demokrata eta Batasun Sozialkristaua alderdiei, biak ere EAPko kideak.