argia.eus
INPRIMATU
EBk mila milioi euro emango dizkio Tunisiako Gobernuari, Europara doazen migratzaileak kontrolatu ditzan
  • Igandean sinatu zuten akordioa, baina Tunisiako agintariek argitu dute herrialdea ez dela Europatik itzularazten dituzten Saharaz hegoaldeko migratzaileen “harrera gune” bihurtuko, eta soilik Tunisiakoak hartuko dituela bueltan.

Leire Artola Arin 2023ko uztailaren 17a
Ekainean gutxienez 5.000 pertsonak migratu zuten Tunisiatik Europar Batasunera. / Argazkia: Hasan Mrad/DeFodi Images

Tunisian elkartu dira Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa, Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa eta Kais Saied Tunisiako presidentea, migrazioari buruzko hitzarmena eztabaidatzeko. Igande gauean sinatu zuten akordioa, eta horren arabera, Europar Batasunak mila milioi euro emango dizkio Afrika iparraldeko herrialdeari, mugako kontrol zorrotzagoak ezartzeko eta Europara ihesi doazenen “migrazio irregularra” kontrolatzeko.

Horren arabera, Mediterraneoko migrazio bideetatik Italiara iristen diren Tunisiako milaka pertsona itzularaziko dituzte. “Legezko igarobideak” irekitzeko prozesua “azkartzea” adostu dute, tunisiarrek EBn ikasi edo lan egin dezaten.

Halere, Tunisiako agintariek ziurtatu dute akordioak ez duela esan nahi Europatik itzularazten dituzten Saharaz hegoaldeko pertsona migratzaileen “harrera gune” izango denik herrialdea, baizik eta EBn “irregularki” sartu diren tunisiarrak soilik hartuko dituztela bueltan. Saied presidenteak argitu du ez direla “mugako Polizia” izango eta ez dutela sinatuko Erresuma Batuak eta Ruandak daukaten antzeko hitzarmenik, The Guardianek jaso duenez. 2023an, momentuz, Tunisiatik heldutako 8.000 pertsona inguru sartu dira EBn “irregularki”, egunkari horren arabera. Ekainean Tunisiatik migratu duten pertsonen kopurua nabarmen hazi da: urtarrilean 1.000 izan ziren, eta ekainean 5.000 inguru.

Tunisiako presidente Saied oposizio eta kritika handiak jasotzen ari da, herrialdera iristen diren migratzaileei buruz esandako mezu arrazistak tarteko. Baina, batik bat, 2021eko uztailean estatu kolpea eman eta konstituzio berri bat ezarri zuelako, estatuko botere osoa presidenteari ematen diona.