Europar Batasuneko (EB) atzerri ministroek Hezbollah-ren miliziak talde terroristen zerrendan gehitzea erabaki dute. Argudio gisa, 2012ko uztailean Bulgarian zazpi hildako eragin zituen leherketa aipatu du EBk; erakunde libanoarra erantzuletzat jotzen du. Hezbollah-k ukatu egin du atentatuan parte hartu izana.
Herberehetako atzerri ministroaren hitzetan, “erakundearen kontuak blokeatuko dituzte, ekintzarako gaitasuna mugatuz”. AEBek erabakia txalotu dute: neurriak Hezbollah-ren diru-iturriei eragin beharko liekeela adierazi du Etxe Zuriaren bozeramaileak.
Nazioarteko politikan aditua den Franklin Lamben arabera, “AEBek behartutako harreman publikoetako erabakia” da eta ez du uste “benetako eraginik” izango duenik. Dioenez, “antolakundearen indarra jendearen babesa da, baina ez europarrena”.
EBko zenbait atzerri ministrok, hartutako erabakiak Libanoko Gobernuarekin duten harremana kaltetu dezakeela adierazi dute.
Iritzi kontrajarriak
Hezbollah alderdi libanoar islamista da, kolektibo xiiten ordezkari nagusia, eta jarduera politikoaz gain, miliziak ere baditu. Alde militarra 1982an sortu zen Israelen inbasioari aurre egiteko.
EBz gain, Argentinak eta Kanadak ere miliziak talde terroristatzat jotzen dituzte. Beste hainbat estatuk, Israelek eta AEBek kasu, antolakunde osoa dute terroristatzat. Zenbait herrialde arabiarretan aldiz, zilegitasuna aitortzen diete Hezbollahren “erresistentzia ekintzei”.
2006an Beiruteko Ikerketa eta Informazio Zentroak egindako inkestaren arabera, libanoarren %87aren babesa du erakundeak.