argia.eus
INPRIMATU
Bi aste barru iritsiko da EBko estatuek behar duten osasungintzako materiala, Europako Batzordearen arabera
  • Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak azaldu duenez, Batasuneko kide diren 25 estatuentzako babes materialak bi aste barrurako egon daitezke herrialde bakoitzaren esku.

ARGIA @argia 2020ko martxoaren 25
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari elkarrizketa egin dio El País egunkari espainiarrak. Elkarrizketa horretan jakinarazi duenez, Europar Batasuneko 25 estatu kideentzat birusari aurre egiteko babes-ekipamenduak eskatu berri dituzte –maskarak eta eskularruak aipatu ditu– eta horri esker “planteatutako premia guztiak” beteta egongo dira. “Are, behar genuena baino material gehiago lortu dugu”, adierazi du.

Hori bai, Europar Batasuneko kide diren estatuek babeserako materialak jaso eta ospitaleetan banatu arte denbora pasako da. Naiz-ek argitaratu duenez, bi asteko tartea gutxienez.

Neurri ekonomikoak

Ekonomiaren alorrean berriz, von der Leyenek iragarri du malguago jokatuko dutela estatuek eman ditzaketen laguntza publikoekin. “Horrek aukera emango dio Espainiako Gobernuari 20.000 milioi eurorainoko neurriak baimentzeko, enpresa txiki eta ertainei eta langile autonomoei babesa eman ahal izateko”.

Pedro Sanchezek larrialdi egoera honen aurrean proposatutako “Marshall plan” berriaz daukan iritzia ere eman du Batzordeko presidenteak: bere esanetan, horrelako egitasmo batek esan nahiko luke EBn eta haren kide diren estatuetan inbertsio handi bat egitea, Batasuneko aurrekontuaren bitartez.

Europar Batasuna ere krisian?

Pandemia Europan zabaltzen hasi eta berehala Schengen espazioko mugak itxi dituzte estatuek; Italiak, orain arte EBn Covid-19ak gogorren jotako estatuak, Txinatik lehenago jaso zuen laguntza EBtik baino. Europar Batasuna kolokan jarri al du koronabirusak? Von der Leyenek, noski, ezetz dio: “Joan den astean hitz egin nuen Txinako lehen ministro Li Kequiangekin. Berak gogorarazi zidan urtarrilean birusak Txina kolpatu zuenean EBk berehala 56 tona material bidali zituela laguntzeko. Ez dute ahaztu”, adierazi du.

Mugak ixteko erabakiaren ondoren integrazio europarra zertan geratuko den galdetu diotenean, von der Leyenek azaldu du, bere ustez, azken bi asteetako egoerak erakutsi duela Schengen gunearen garrantzia. “Ulertzen dut hasieran kide diren estatuek mugak ixtea beraien herriak babesteko. Baina horrek kalte larria eragin zion merkantzien fluxuari eta merkatu bakarraren funtzionamenduari. Orain, Ebri esker gai izan gara normaltasuna berreskuratzeko eta ia ez dago trafiko buxadurarik mugetan”, azaldu du.

Merkatu bakarraren garrantzia ere aipatu du, bai babeserako materiala sortu eta estatuen artean banatzeko, baizik eta “aberastasuna eta ongizatea” bermatzeko ere. “Ikusi dugu honelako krisi bat ezin dugula gainditu bat eginik ez bagaude”. “Honek erakusten digu garai zailetan ona dela elkartasun europarra edukitzea”, gaineratu du.