argia.eus
INPRIMATU
Nicolás Olea, medikuntza katedratikoa:
“Ebidentzia nahikoa dago kutsatzaile hormonalen kalteez, garaia da neurri ausartak hartzeko”
  • Irailaren 25etik 28ra egingo da, Bilboko Mediku Zientzia Akademiak antolatuta, Medikuntza Astearen 44. edizioa. Aurtengo goiburua Osasuna eta kutsadura: Epidemia isila da. Lehenbiziko hizlaria Nicolás Olea Granadako Unibertsitateko medikuntza katedraduna eta disrupzio hormonalean Europako aditu handienetakoa izan da. ARGIArekin hitz egin du hitzaldia hasi aurretik.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko irailaren 26a
(Arg.: Aritz Loiola)

Hormonetan eragina duen kutsadura kimikoaz hitz egingo duzu. Nondik datorkizu gaiarekiko interesa?

Beti erakarri nau sistema hormonalarekin zerikusia duen minbiziaren gaiak, eta horretaz egin nuen doktore-tesia, 1979an. Urte batzuk geroago, 1987an, AEBetan lanean nengoela, laborategian izandako istripu batengatik konturatu ginen plastiko batek aktibitate hormonala zuela. Hura ez zen posible, plastikoak inertea behar du, baina hantxe zegoen plastiko hura. Susmoak piztu ziren eta konturatu ginen fabrikatzaileak plastikoari gehitutako antioxidatzaile bat zela kausa. Haritik tiraka aurkitu genuen jarduera hormonala zuten konposatu ugari, plastikoetan, arropetan, kosmetikoetan, eta noski pestizida eta ongarrietan daudenak. Ez daude sailkatuta kartzinogeno, mutageniko eta teratogeniko modura, baina disruptoreak dira, sistema hormonala eraldatzen dute, eta kalte egiten diote osasunari.

Hori AEBetan gertatu zen. Europan aitzindarietakoa izan zinen gaia ikertzen?

Bai. 1996an antolatu zen Europan gaiari buruzko lehen zientzialari biltzar handia. Ordurako, ingurumen zientzietan adituek, biologoek… oso informazioa baliagarria zuten disrupzio hormonalak naturan eragindako ondorioez, animalia espezie ugarietako adibideak zituzten. Eta gaur egun disrupzioa ondo ezaguna da zientzialariengan.

Baina, lehen esan didazunez, gaiak ez du oihartzunik, eta ez da neurri egokirik hartzen.

Are ebidentzia gehiago eskatzen dute eta. Disrupzioaren mekanismoaz ebidentzia gehiago behar dela esaten dute. Nik beti esaten diet berdin dela zenbat diru jartzen duten, zenbat ikertzen duten, ez dutela ebidentzia handiagoa lortuko, daukagu ebidentzia estatistikoa izugarria da, eta mekanismoei buruz ere asko dakigu. Daukaten informazioarekin, aspaldi hartu behar zuen erabakia.

Europako Batzordeaz ari zara, zehazki?

Bai. Han eta Europako Parlamentuan hartzen dira erabakiak, lobbyak dauden lekuan hain zuzen. Eskandalua da. Europako Batzordeak konpromisoa hartu zuen 2015erako disruptore endokrinoak identifikatzeko testak –derrigorrez egin beharrekoak– prest izateko, baina pasa zen 2015, gero 2016, eta ezer ez; azkenik, Suediak prebarikazioagatik salaketa ipini zion Batzordeari Europako Auzitegian. Baita irabazi ere. Aizu, 21 urte daramagula gaiaz hitz egiten!

"Zuhurtzia printzipioak fabrikatzailea behartzen du bere produktua kaltegarria ez dela frogatzera, ez dagokio kontsumitzaileari demostratzea zerbait arriskutsua dela. Horren arabera egin beharko lukete araudia. Baina ez ikusiarena egiten dute". (Arg.: Aritz Loiola)

Diozunez, informazioa sobera dute politikariek dagoeneko.

Jakina. Badakizu zenbat ikerketa proiektu dagoen? Nik erakunde guztietatik jaso dut diru pilo bat, aldizkari zientifiko puntakoetan argitaratu dugu, baina gero ez badute beraiek finantzatutakoa irakurtzen… Ez da ebidentzia gehiago lortuko, nahikoa dago jada, orain behar dena da ausartak izan eta kontsumitzailea babestuko duten erabakiak hartzea. Zuhurtzia printzipioak fabrikatzailea behartzen du bere produktua kaltegarria ez dela frogatzera, ez dagokio kontsumitzaileari demostratzea zerbait arriskutsua dela. Horren arabera egin beharko lukete araudia. Baina ez ikusiarena egiten dute.

Zergatik?

Ez dakit. Seguruenik ez direlako arazoari aurre egiteko gai, ez dutelako tresna egokirik, ekoizleek esaten dutelako gehiegizko zuhurtziak lehiakortasunari kalte egingo liokeela…

Aurreko galdera egin dizut honelakoetan beti aipatzen delako lobbyen presioa.

Bada, ni ez naute sekula presionatu, ez alde batera ez bestera. Asko inporta ez dien seinale, agian.

Ebidentzia egon badagoela diozu. Komunitate zientifiko guztia dago gai honetan ados?

Oro har bai, arazoa medikuen artean dago, oraindik ez dira konturatu. Tira, bai, batzuk hasi dira: lehenbizi pediatrak, gurasoek galdetzen baitiete ea zer gertatzen den plastikozko biberoiekin eta abar. Eta informazioa bilatzen hasi behar dute, hori ez zegoelako euren liburuetan.

Hogei urte izan dituzte, bada, liburuetan horretaz idazteko.

Bai. Eta gero eta mediku gehiago dago, ez bakarrik pediatrak, baita endokrinoak ere, gaiaz interesatuta.

Dena den, zientzialariena galdetu dizut zientzia blog bat baino gehiago dagoelako jendartean kimiofobia hedatzen ari dela azaltzen, gehiegizko alarma ari dela sortzen oinarri zientifikorik gabe…

Ez dakit, ez naiz inoiz joan hori diotenekin eztabaidatzera. Niri joko honen arauak irakatsi zizkidatenean, esan zidaten parekoek errebisatutako aldizkarietan argitaratu behar nituela ikerlanak, eta urtero 15-20 lan argitaratu ditut punta-puntako aldizkarietan. Nirekin eztabaidatu nahi duenak maila bera badu, ongi; baina batzuetan eztabaida baterako proposatu didaten beste pertsonaren curriculumari begiratu eta konturatzen zara ez duela ezertxo ere egin azken hamar urteetan.