argia.eus
INPRIMATU
Ebaluazio hezitzailea: teoriatik praktikara eta maila guztietan
  • Azterketa/nota eskema gainditu eta bestelako ebaluazio eredu bat garatzeko marko teorikoa landuta dago, baina hori errealitatera eramatea ez da samurra. Bidea egiten ari direnak badira ordea, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lanbide Heziketa eta unibertsitateraino, eta ikastetxe horietako esperientziak azalduko dituzte jardunaldi batzuetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko urtarrilaren 21a
Tolosaldea Lanbide Heziketa

Ebaluazio hezitzailea iruten jardunaldiak antolatu zituen LAB sindikatuak 2017an, eta liburuxka bat izan zen horren emaitza: ikasleen garapen osoa aintzat duen ebaluazio eredua garatzeko dekalogoa. Hezkuntza sistemak edota selektibitatea eta baxoa bezalako kanpo azterketek, ordea, zaila egiten dute egunerokoan eskema zaharrak alboratzea, zer esanik ez Bigarren Hezkuntzatik aurrera.

Bizilore, Kattuka, Armentia, Tolosaldea, Huhezi

Baina egin daitekeela frogatzen ari dira hainbat ikastetxetan, eta esperientzia horiek kontatu eta eztabaidatzeko bigarren jardunaldi batzuk antolatu ditu LABek, UEUrekin elkarlanean. Otsailaren 8an egingo dituzte, Eibarko Markeskoa Jauregian (UEU).

Beraien lan egiteko moduaz hitz egitera gerturatuko dira Bizilore Azkoitiko Eskola Aktiboa, Kattuka Arbizuko haur eskola, Gasteizko Armentia ikastolako DBH, Tolosaldea Lanbide Heziketako ikastetxea eta Huhezi unibertsitatea.

Xehetasun gehiago, ikastaroaren webgunean.

Kalifikazioaren menpe

Aurreko jardunaldien harira erreportajea kaleratu genuen ARGIAn, lau ikastetxetan egiten duten ebaluazio hezigarria kontatuz. Ane Ablanedo irakaslea garbi mintzatzen da erreportajean: “Iruditzen zaigu ebaluaketa gauza natural bat dela eta gehienez pentsa dezakegula nola eta zeren arabera ebaluatu, eta haurrak barneratzen du kalifikatua izan behar duela. Horrek sozialki zein inplikazio dituen ez dago esan beharrik, kalifikatzea ikasleak sailkatzea dela aintzat harturik. Hutsune nagusia hori dela uste dut, ez dela ebaluazioa egiten, kalifikazioa baizik, eta honek baldintzatzen duela ebaluazio osoa. Izan ere, kalifikatzen duzun momentutik, gutxienekoa da gero zein ebaluazio egingo duzun, zeren nota jarri eta ikasturtea pasako al duen esan behar duzu, eta hori zalantzan jarri gabe, alferrik da”.