argia.eus
INPRIMATU
Ebaluatzaile euskaldunek zergatik egiten diete ikasleei gaztelaniaz?
  • Eusko Jaurlaritzak bideratuta egiten den euskarazko ebaluazio diagnostikoan, 16 urte inguruko ikasleei gaztelaniaz mintzatu zaie kanpo-azterketa hau egitera joan den hezitzailea, euskaraz jakin arren. Toki Alai institutuko hainbat irakaslek salatu du, eta ez, ez da anekdota bat, behin baino gehiagotan errepikatu delako eta sakoneko errealitate bat islatzen duelako.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko maiatzaren 20a

Irungo institutu horretako irakasleak haserre azaldu digu gertatutakoa: bai ebaluazio diagnostikoan, baina baita PISA azterketan ere, gaztelaniaz aritu dira azterketa gidatzen ari direnak. Zer eta D ereduko ikasleei, zer eta denek euskaraz badakitenean. “Adin hauetako gazteek, gure testuinguruan, azkar jotzen dute erdarara beraien artean hitz egiteko, baina irakasleok ez gara joko horretan erortzen, ikusi behar dute euskaraz bizi garela”.

Azterketa euskaraz bada, zergatik egiten diete ikasleei gaztelaniaz? galdetu diogu irakasleari. “Nire teoria da gazteen artean guaiak direla adierazi nahi izan dutela, haien kodeetara hurbildu, baina gazteengana hurbiltzeko erdarara jo behar badugu jai dugu, guaia izatea gaztelaniaz hitz egitea dela berresten ari direlako nolabait, faltsua dena, eta gainera gazteen artean zabaltzen duten mezua delako euskarazko azterketak bideratzen dituztenek eurek ere ez diotela euskarari benetako funtzio eta balio praktikorik ematen”.