Baso naturaletan estratu eta funtzio ezberdinak betetzen dituzten espezieak aurkitzen ditugu. Batzuek gaina hartuko dute, eta mende ugari bertan igaroko dituzte. Beste batzuek lehen urratsak emango dituzte, baso-kideengatik sakrifikatuko dira eta beraien gorpu ustelak sistemari eskainiko dizkiote. Sakrifizio espezie hauek basoa bultzatzen dute, lurraren egitura hobetzen dute, beste zuhaitzak elikatzen dituzte eta hazi berriak laguntzen dituzte.
Ideia hau geure eginez, landatutako baso batean ere helburu berbera duten espezieak landatu ditzakegu. Hauek, kasu gehienetan, ekoizpen espezieen azpietan edo tarteetan joango dira, hutsuneak betetzeko eta eguzki izpiak aprobetxatzeko. Baso jangarrietako sakrifizio espezieen helburua ez da desagertzea, ahalik eta denbora gehien irautea baizik, urtetan zehar ekosistemaren osotasunari beharrezko zerbitzu bat eskainita. Horregatik, organismo hauek mozten edo kimatzen ditugunean zentzu batez egingo dugu, guztiz hil gabe, kimaketa garaia eta ekintzaren bortizkeria zainduta.
Garaiari erreparatuta, udaberria eta udazkena izan ohi dira aproposenak, euria zein tenperatura egokiak direnean. Uda siku eta beroegia izan ohi da zabaltzen diren zaurientzako, negua, berriz, umel eta hotzegia. Udaberrian kimatzen bada, hostoa guztiz garatzen denean egin behar da eta udazkena aukeratzen bada, hostoa guztiz desagertu baino lehen ekin behar zaio. Udazkeneko kimaketak zuhaitz edo zuhaixkaren tamaina kontrolatzen lagunduko du, datorren urteko xurgatzaileak gutxiagotuta.
"Moztu eta bota" teknika ezartzeko berragertze maila altua duen edozein landare, zuhaitz edo zuhaixka erabili daiteke. Belarretan ezagunena zolda-belarra izaten da, oso erraz hedatzen dena: biomasa ikaragarria sortzen duelako eta bere zuztar luzeekin arroka amaren elikagai ugari azaleratzen dituelako.
Zuhaixketan olibo-zumea da erregina. Berragertze gaitasun ikaragarria dute Eleagnus familiakoek eta nitrogenoz betetako biomasa kantitate itzelak eskaintzen dituzte. Nitrogeno finkatzaileak izateaz gain, erle eta zomorroak erakartzen dituzte beraien loreek eta emandako fruituek txoriak elikatzen.
Zuhaitzen kasuan lizarra da helburu honekin erabili daitekeen bertako zuhaitz bat, berragertze maila paregabea izateaz gain abereei bazkatzeko eskaini ahal zaielako. Eukaliptoa ere erabili genezake, berragertze izugarria eta hazkuntza oso bizkorra dituelako. Behin basoa ezarrita dagoenean eukalipto zuhaitza desagerrarazi nahi badugu, urte batzuez gainean egon beharko dugu, hosto bakar bat garatzen utzi gabe.
Polemikoa badirudi ere, basoek ez dituzte atzerrikoak baztertzen, aniztasuna integratzen dute, bertako egiten. Agian, basoa gehiago bizi behar dugu eta berarengandik zer edo zer ikasi.