argia.eus
INPRIMATU
Eba Blanco EAko buruzagi izendatu arren, urek nahasita jarraitzen dute alderdi barruan
  • EAk idazkari nagusi berria izendatu zuen astelehen goizean, baina ez dirudi horrek alderdi barruko bi sektoreen arteko gatazka apaltzeko balioko duenik.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 30a
Eba Blanco, EAko idazkari nagusi berria (argazkia: EA).

Eba Blanco Eusko Alkartasuneko idazkari nagusi aukeratu zuten astelehenen goizean, sektore kritikoaren gaitzespenarekin. Korronte ofizialaren babesarekin hartutako erabakiak, ordea, ez du itxi EH Bilduren barruan dagoen alderdi historikoaren krisia.

Eusko Legebiltzarreko egungo presidenteordea izan da, hasiera batean, Pello Urizarren lekua hartzeko behar adina abal bildu dituen hautagai bakarra. Urizarrek joan den ekainean dimisioa eman zuen, alderdiak azken urteetan izan dituen barne desadostasunak konpondu ezinda. Aukeratua izan ostean egindako lehen adierazpenetan, Blancok azaldu zuen bere helburua "alderdia kohesionatzea" izango dela.

Ez da erraza izango, sektore kritikoak ez duelako haren izendapena aitortzen. Maiorga Ramirez hautagai alternatiboa primarioen prozesutik at geratu zen, beharrezko abalak bildu ez zituelako. Baina kritikoek onartzen ez duten erabakia da hori, Hauteskunde Antolaketarako Batzordeak hartu zuelako, eta sektore horren ustez EAko zuzendaritzaren esku dago organo hori. Beraz, ez litzateke inpartziala izango, kritikoen arabera.

Blancoren izendapena publiko egin bezain laster, Ramirezen hautagaitzak ohar bat kaleratu zuen, eta, bertan, nabarmendu zuen haren "izendapena baliogabea" dela eta guztia Berme Batzordeak erabakitzen duenaren menpe dagoela –kritikoek aurkeztutako helegiteei buruz ebatzi behar duen barne auzitegi moduko bat da organo hori–. Kontua da, kasu honetan, batzorde horren objektibotasuna aitortzen ez dutenak sektore ofizialekoak direla, Ramirezen esku dagoen organoa dela uste baitute.

Etorkizuna zaila da alderdiarentzat. Hasteko, hurrengo egunetan bi korronteek elkar ikusiko dute Gasteizko epaitegietan, kritikoek afiliatuen errolda eskuratzeko izan zituzten arazoen inguruan jarritako salaketa bat ebazteko.

Gatazkaren iturria EAk EH Bilduren barruan jokatu beharreko papera da. Duela bi urte koalizio subiranistak martxan jarritako estrategia defendatzen dutenei babesa ematen die Blancok: horren arabera, EH Bildu subjektu politiko propioa litzateke, zuzendaritza gutxi gorabehera autonomoa duena eta afiliatu propioak. Koalizioko alderdiek –Sortu, EA eta Alternatiba– beren rolari eutsiko liokete, baina ez hasiera batean adostu zuten formulan. Ramirezen ustez, ordea, diseinu horrek arriskuan jartzen du EAren existentzia bera.

Badirudi indarrak nahiko orekatuta daudela alderdi barruan. Sektore ofizialak Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzen babesa du; kritikoek, berriz, Arabakoa, Gipuzkoakoa eta Nafarroakoa. Gainera, sostengu sinbolikoa dute: Carlos Garaioketxearena.