2016ko martxoaren 18an, Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordioa onartu zuten 28 herrialdeetako buruzagiek, etorkinen olatua geratu nahian. Horren arabera, Siriako gerratik ihesi zihoazenek bakarrik jasoko zuten errefuxiatu estatusa. Afganistanen eta Iraken talibanengandik ihesi edo Nigeriako Boko Haramen atzaparretatik ihesi doazenei ukatuz.
Lortu zuten, etorkinen zenbatekoa murriztu zen. Turkiako itsas-armada eta EBeko mugen zaintza koordinatzen duen Frontex erakundea lanean aritu ziren ahalik eta etorkin gehien bueltatzeko Turkiako lurretara. Oraindik ere milaka lagun daude herrialde horretako kostaldean itsasoa zeharkatzeko une egokiaren zain, beste batzuek Mediterraneoa zeharkatzeko erabakia hartu dute.
Abeer Yaseem (43), andre siriarrak ondo ezagutzen ditu akordioaren ondorioak. Latakian jaio eta Damaskon ikasi eta bizi izan zen gerraren hasierara arte bere senar eta lau alabekin. 2014az geroztik senarra desagertuta dago. Latakiara bueltatu ziren ama eta lau alabak. Urtebete igaro ondoren, Istanbulen bizitzen saiatu ziren, baina egonkortasuna ezin aurkituta alabak amonarekin utzi zituen Istanbulen eta 2016ko otsailean Greziako Lesbosera abiatu zen. Mazedoniako mugara iritsi zenean, GKE bateko mediku norvegiar batek eskatu zion arabiar-ingeles itzultzaile moduan laguntzeko. Iritsi zenean mugak irekita zeuden eta pasatzeko aukera zuen, baina itzultzaile lanetan laguntzen geratzea erabaki zuen bi astez. Akordioa sinatu eta mugak itxi ziren.
Drop In The Ocean GKE norvegiarrarekin jarri zuten harremanetan Chiosen. Medikuak, familia, etxebizitza eta lanpostua lortu zizkioten Norvegian, baina prozesu burokratikoak ia bost hilabete eman ditu. Orain, bere harrera familiarekin dago Norvegian. Iragana berreskuratzeko zailtasunen aurrean, etorkizunari begira dago Abeer, familiarekin noiz elkartuko zain.
Chios uhartea
Hiru kanpamentu nagusi daude. Bi kanpamentu irekiek Souda eta Dipethe, Chios hiriaren zentroan daude eta 1.100 eta 500 errefuxiatu inguru dituzte. GKEek eta UNHCR erakundeak kudeatzen dute eta errefuxiatuak antolatuta daude kanpamentuaren mantenurako.
Vial kanpamentu militarizatua da, Gobernuak kudeatzen du. Osasungintza eta janaria erakunde pribatuen esku daude gobernuaren donazioak beren erara kudeatuz. 1.200 errefuxiatu inguru bizi dira. Errepresio, irain eta eraso salaketak ugariak dira.
Souda kanpamentuan bizi da Abdullah Alkem (25 urte, Palmira) bere anaia Mahmoodekin batera bi pertsonentzako kanpin batean martxoaren 20tik hona. Gerra hasi zenean amaitu berri zituen erizain ikasketak praktikan jarri zituen, lau urtez gerrako biktimei lagunduz. 2015eko maiatzean ISISek bere jaioterria, Palmira herri zaharra, menpean hartu zuen. Ihes egin zuen, anaia bat eta gurasoak Homs hirian utziz, beste bi anaia Idleb hirian, Turkiako mugan, eta beste anaia Libanoko errefuxiatu kanpamentuan. Beste 38 lagunekin batera gose greba abiatu zuen kanpamenduko bizi baldintzak hobetzeko, hiru asteren ondoren utzi egin behar izan zuen. Uztailaren 14an babes eskaera egin zuen. Erantzunaren zain jarraitzen du.
Abdullahren antzera milaka etorkin geratu dira ez aurrera ez atzera uharte greziarretan. Harrapaturik, gerra batetik ihesi, familia eta lana atzean utziz, bizitza duin baten bila kilometroak egin, mafiei ordaindu, Turkiako Gobernuaren atzaparretatik ihes egin eta irla bateko kanpamentuan isolaturik geratzeko. Gerra amaitu edo Europako agintariek erabaki bat hartzeko zain.