22 testigantzetan oinarriturik, Tunisiako Poliziak etorkinen aurka bideratu gehiegikeriak biltzen dituen txostena plazaratu du Human Rights Watch Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Egoera ikusita, uztailaren 16an Tunisiarekin izenpetu migrazio-politikaren akordioa etetea galdetu dio Europar Batasunari.
"Atxiloketa arbitrarioak", "jipoiak", "tortura kasuak", "kanporaketa kolektiboak", "diru eta ondasun pertsonalen lapurketak"… lekukotasun gogorrak bildu ditu Human Rights Watch Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Guztiak dira Tunisiako poliziek ala mugazainek migratzaileei egindakoak. Giza eskubideak urratzeaz gain, arrazakeria eta diskriminazio kasu gogorrak biltzen ditu txostenak.
Adibideen artean dute, demagun, uztailaren 2 eta 5aren artean ehunka migratzaile atxilotu izanarena: "Guardia nazionalak eta armadak indarrez kanporatu edo eraman zituzten 1.200 bat pertsona, legezko prozedurak errespetatu gabe, hainbat taldetan banatuta, Libiako eta Aljeriako mugetara". Legez kanpoko sarekada horretan pairaturiko mespretxu, indarkeria eta bidegabekeriak kontatzen dira modu gordinean Tunisia: ez da leku segurua Saharaz hegoaldeko Afrikako migratzaile eta errefuxiatuentzat txostenean.
Gehiegikeria gehienak otsailaz geroztik egindakoak dira, nahiz eta ikerturiko epea 2015 eta 2023 artekoa izan. Otsailean gogortu zuen migrazio-politika Kais Saied presidenteak, migratzaileen aurkako herra zabalduz jendartean. NBEak ere "arrazistatzat" jo zuen Saiedek orduan zabalduriko diskurtsoa. Human Rights Watchek Tunisiako Gobernuari bidali dio txostena ekainaren 28an, baina oraingoz ez du erantzunik jaso
Uztailaren 16an izenpetu zuten Tunisiak eta Europar Batasunak migrazioari buruzko akordioa. Nahiz eta dirutzarena ez zuten erabat argitu, errandakoari segi, Europar Batasunak 150 milioi euro emanen lizkioke Afrika iparraldeko herrialdeari, mugako kontrol zorrotzagoak ezartzeko eta Europara doazenen "migrazio irregularra" kontrolatzeko. Bere migrazio-politika kanpora ateratzen dabil Europar Batasuna, eta berdin dio giza eskubideak ez badira errespetatzen. Libiaren kasua hor genuen, eta orain gehitzen zaio Tunisiarena.
"Migrazio kontroletan gehiegikeriak bideratzen dituen segurtasun indarra diruztatuta, Tunisiako migratzaile, errefuxiatu eta asilo-eskatzaileen sufrimenduaren erantzule bihurtu da Europar Batasuna"
Human Rights Watch
Akordioa hori etetea galdetzen dio Human Rights Watchek EBri, eta hori Tunisiaren migrazio politikak giza eskubideen arloan dituen ondorioak argitu bitartean. "Migrazio kontroletan gehiegikeriak bideratzen dituen segurtasun indarra diruztatuta, Tunisiako migratzaile, errefuxiatu eta asilo-eskatzaileen sufrimenduaren erantzule bihurtu da Europar Batasuna", Lauren Seiber GKEko kidearen hitzetan.
Migrazioa mugatzeko bi herrialdeen arteko elkarlana ez da berria. Azken zazpi urteetan, 93 eta 178 milioi euro artean bideratu dizkio EBk Tunisiari. Nahiz eta migrazioaren aurkako postura gogortu eta etorkinen egoera okertu egin diren otsailaz geroztik, Europako estatuek ez dute inondik inora Tunisiarekiko harremana aldatu. Txostenean irakurri daiteke Kais Saieden diskurtsoaz geroztik hamar bat estatu-ordezkari europar direla bertaratu, ekonomiaz, migrazioaz ala segurtasunaz hitz egiteko.
Azken aldietan, Europarako sarbide nagusi bihurturik da Tunisia: aurten Italiara iritsitako 69.599 lagunetatik 37.720 Tunisiatik abiatu ziren (28.558 Libiatik eta besteak Turkia ala Aljeriatik).