argia.eus
INPRIMATU
EAko sektore batek primarioak eskatu ditu hurrengo idazkari nagusia aukeratzeko
  • Eusko Alkartasunaren zuzendaritzarekin desadostasunak dituen sektore batek idazkari nagusia aukeratzeko hauteskundeak, alderdiko liberatuen hautaketa irekia eta bi agintaldiko muga defendatu dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 08a
Agerraldiaren irudia. (Arg.: Alkartasuna2017)

EAko 30 militante inguruk agerraldia egin dute Bilbon; horien artean Maiorga Ramirez Nafarroako legebiltzarkidea eta Unai Ziarreta alderdiko lehendakari ohia. “Alkartasuna 2017” dokumentuan aurkeztu dituzte beren eskariak eta adierazi dute “ehunka” militantek babesten dutela dokumentu hori, baina aldaketak izan ditzakeela militanteek egingo dituzten ekarpenekin.

Iratxe Lopez de Aberasturi Gasteizko zinegotziak hitz egin du kolektiboaren izenean, eta EAn “ziklo berria” aldarrikatuta, “gardentasuna, parte-hartzea eta barne demokrazia” eskatu dituzte. EH Bildu koalizioari buruzko erabakietan ikusi dute batez ere gabezia hori. Aipatutako neurriez gain —idazkari nagusi eta liberatuen hautaketa eta bi agintaldiko muga—, EH Bilduko zerrendetan parte hartuko duten EAko hautagaiak izendatzeko lurraldekako zerrenda irekiak osatzea eta erabaki “esanguratsuak” hartzeko militanteei kontsulta egitea eskatu dute.

Dena den, Lopez de Aberasturik azpimarratu egin du EH Bildurekin duten konpromiso garbia, defendatu baitu “gehiengo subirano eta ezkertiarra” osatzeko tresna bakarra dela.

Agerraldia EAko kongresua baino hilabete lehenago egin dute, ekainaren 3 eta 4an izango baita. Hain zuzen, kongresuko epeak kontuan hartzeko eskatu diote EH Bilduri.