argia.eus
INPRIMATU
EAko bi sektoreak epaitegian aurrez aurre
  • Asteazken honetan EA alderdiko bi sektoreetako ordezkariak aurrez aurre jarriko dira epaitegietan. Alderdiko afiliatuen zerrendetara sarbidea edukitzea da auzi judizialaren muina, baina sakonagoko arazoak ere agerian geratzen ari dira azken hilabeteetan.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 06a
Eba Blanco eta Maiorga Ramirez, EAren bi sektoreetako ordezkariak.

Eusko Alkartasuneko (EA) sektore ofizial eta kritikoak aurrez aurre jarri dira asteazken goizean auzitegietan, afiliatuen erroldaren inguruan dituzten desadostasunak argitzeko eta, ondorioz, alderdiko idazkaritza nagusia aukeratzeko primarioak erabakitzeko. Bi parteak Gasteizko lehen auzialdiko 7. zenbakiko epaitegian egingo den ahozko ikustaldira deituta daude.

Epaiketa Eba Blanco EAko idazkari nagusi izendatu eta gero egin dute. Sektore kritikoa izendapen horrekin desados egon arren, azkenean ez du beste hautagaitzarik aurkeztu; izan ere, alderdiko hauteskunde-batzordeak Maiorga Ramirez sektore kritikoko ordezkariarena baliogabetu zuen, buruzagi nafarrak aurkeztutako 400 abaletatik bostetan forma akatsak zituela argudiatuta –Blancok 60 aurkeztu zituen–.

Alderdiko Berme Batzordeak arrazoia eman zien kritikoei eta Blancoren izendapena baliogabetzeko agindu zuen, baita Ramirezen hautagaitzaren birgaitzea ere; baina EAko zuzendaritzak uko egin dio militanteen artean primario berriak deitzeari.

Korapiloak kapitulu asko ditu aurretik: irailean kritikoek auzitegietara jo zuten afiliazio datu guztiak eskura izateko, argudiatuz alderdiko zuzendaritzak eskaintzen zien hautesle errolda bakarrik kontsulta zezaketela. Haien ustez, zuzendaritzak ez du betetzen alderdiaren Berme Batzordeak erroldaren inguruan emandako ebazpena; izan ere, bi aldiz agindu zion zuzendaritzari afiliatuen datu guztiak exekutiba nazionaleko kide guztien esku uzteko, bien bitartean primarioen prozesua ezin zela martxan jarri adieraziz.

Pello Urizarrek ekainean alderdiaren zuzendaritzan dimisioa eman izanak eta primarioen ondorengo deialdiak berriro ireki ditu EAko bi sektoreen arteko barne-zauriak. 2017ko kongresuaz geroztik, kritikoei boto gutxigatik irabazi zieten ofizialek, eta aurrez aurre daude alderdiak EH Bildu koalizioan izan behar duen profila dela eta. Kritikoen ustez, egungo noraezak EAren "diluzio eta desagertzera" eramaten ditu.