argia.eus
INPRIMATU
EAk lau urtez eten du alderdiko bost kargudunen militantzia
  • EAko Nazio Batzorde Eragileak erabaki du lau urtez Maiorga Ramirez, Iratxe López de Aberasturi, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Esther Korresen afiliazioa bertan behera uztea, “eskubide, betebehar eta diziplina Araudiaren urratze larriak egin dituztelako”.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko otsailaren 10
Ezkerretik eskuinara, Maiorga Ramirez, Mikel Goenaga, Miren Aranoa eta Iratxe López de Aberasturi. (Argazkia: Noticias de Alava)

Iazko irailean ireki zieten prozesua bi militantek jarritako salaketa aintzat hartuz eta orain Exekutiba Nazionalak erabaki du aipatutako bost pertsona horiei lau urteko afiliazio etenarekin zigortzea, “arau hauste oso larriak egin dituztelako”. Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaileak dira hurrenez hurren. Esther Korres Iruñeko koordinatzailea, eta Maiorga Ramirez EH Bilduko foru parlamentaria.

Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudiko bost artikulu urratu dituztela dio EAk hitzez hitz:

Bat: “Kargu publikoaren lanetan alderdiaren edo alderdiak egin ditzakeen koalizioen estrategiaren aurka egitea”. Bi: Alderdiaren aurretiko baimena izan gabe adierazpen publikoak egitea, alderdiaren edo bere organoen irudia eta sinesgarritasuna kaltetzen denean, edo helburuak edo ideologia alderdiarenarekin kontraesan garbian sartzen denean”. Hiru: “Eusko Alkartasunako afiliatu, jarraitzaile, langile edo kargu publikoei hitzez edo egitez tratu txarrak edo errespetu eta begirune falta larria”. Lau: “Eusko Alkartasunako afiliatu, edo kargu publikoei eta alderdiko organoei egindako injuria edo kalumniak”. Eta bost: “Alderdiaren irizpideak haustea, alderdia kaltetzen bada”.

XIII. Kongresua otsailean

Kongresua noiz eta nola egin izan da, besteak beste, azken hilabeteetan EAko bi sektoreen arteko eztabaidagai nagusietakoa. Azkenean, otsailaren 19an eta 20an egingo dute. EAk jakinarazi duenez, afiliazio etena otsailaren 21etik aurrera hasiko da, zigortutakoek kongresuan parte hartu ahal izateko, besteak beste “zuzendaritzarako aurkezteko aukera izan dezaten”. Orain 30 eguneko epea izango dute alderdiaren Berme Batzordean helegitea aurkezteko.

Ramirez: “Eztabaidak demokratikoki konpondu behar dira”

Maiorga Ramirezek ostegun goiz honetan Euskadi Irratian adierazi duenez, zigortutakoek kongresuan parte hartuko dute, baina salatu du hainbat irregulartasuna ikusi dutela haren antolamenduan: “Jende askok ezingo du parte hartu, telematikoa izango baita". Bere ustez, “agerian geratu da ez dutela eztabaida demokratikoaren aldeko apusturik egin. Plan bat jarri zuten martxan, alegia, diziplina prozesu bat, arazoa erditik kendu ahal izateko. Oso tristea da. Oso irudi txarra ematen ari da zuzendaritza".

Iñaki Guridi kazetariak galdetu dio ea alderdia desagertze arriskuan egon daitekeen eta Ramirezek erantzun du ezetz.

Aranoa eta Blancoren elkarrizketak

2020an eta 2021ean elkarrizketak egin genituen ARGIAn bi sektoreko ordezkarietakoak diren Miren Aranoa Nafarroako koordinatzailearekin eta Eva Blanco idazkari nagusiarekin. EH Bilduren baitan EAk izan beharreko kokapena, kongresua eta barne ika-mikak izan genituen mintzagai nagusiki; haietan argi ikusten da gatazka zein sakona den eta konponbidea zein gaitza izan daitekeen, oraindik ere halakorik posible bada.