argia.eus
INPRIMATU
EAk ETBren hedagailua paratu izana ilegala izan dela esan du Nafarroako Gobernuak
  • Juan Luis Sánchez de Muniain Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilariak esan du EAren ekintza, alegia, ETB LTD bidez ikusteko Erreniegan hedagailua paratu izana, ekintza pirata, legez kanpokoa eta narraskeria izan dela. Industria Ministerioari legea lehenbailehen betetzeko eskatu dio.

2012ko urtarrilaren 13a
Sánchez de Muniain Kultura kontseilaria

EAk atzo adierazi zuenez, hedagailua Iruñerrirako ipintzea 11.776 euro kosta zaie EAko militanteei eta Nafarroa osoak ETB 1 eta ETB 2 ikusi ahal izateko hedagailu sarearen kostua  40.000 eurora ez litzateke iritsiko. Maiorga Ramirez Bilduko legebiltzarkideak esan du Nafarroako Gobernua dela herritarrek ETB ikusi ala ez ikustearen arduraduna eta nafarrak engainatu dituela. Izan ere, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak adierazia zuten hedagailu sarea antolatzeko milioi bat euro inbertitu beharko ziratekeela. Sánchez de Muniainek adierazi du Gobernuak egin beharrekoa egina duela, protokoloa bete ez duena Eusko Jaurlaritza dela. Oposizioak, PSN barne, Nafarroako Gobernuak afera horretan bere ardura bete dezan eskatu dio.