argia.eus
INPRIMATU
EAJren ustez gatazkaren ondorioak gainditu behar dira estatus politiko berria lortzeko
  • Euzkadi Buru Batzarrak oharra kaleratu du Sabino Aranaren jaiotzaren 150. urteurrenaren karira. Bertan, Aranaren ibilbide eta ekarpen ideologikoak nabarmentzeaz gain, egungo aktualitate politikoaren balorazioa egin dute jeltzaleek.

ARGIA @argia 2015eko urtarrilaren 27a
Sabino Arana EAJren sortzaileari lore eskaintza urtarrilaren 26an (arg.: EBB)

EAJrentzat beharrezkoa da “orain arte bizi izan dugun gatazkaren ondorioak gainditzeari ekitea”. Besteak beste, ETAren desmilitarizazioa, egin den min bidegabea aitortzea eta presoen birgizarteratzea aipatu dituzte jeltzaleek. “Hori guztia egindakoan –dio EBBren dokumentuak– herritarren arteko nazio itun berria egiteari ekin diezaiogun”.

EAJk estatus politiko berria eta subiranotasuna berreskuratzeko “behi betiko jauzia” eman nahi luke: “Akordio horren oinarrian egongo dira, ezinbestean, Euskadi subjektu politikotzat aitortzea, Europar Batasunaren barruan harreman juridiko-instituzionalen marko berria zehaztea eta hiritargoari bere etorkizuna askatasunez aukeratzeko duen eskubidea aitortzea”.

Bilboko Albiako lorategian bildu dira buruzagi jeltzaleak Sabino Aranaren irudiaren aurrean lore eskaintza egiteko, bere jaiotzaren 150. urteurrenean.

Arana jaio zela 150 urte igaro direnean, EAJko buruzagiek omenaldia egin diote euskal abertzaletasunaren sortzailetzat jotzen denari. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentea.