‘La Nueve de Anonymous’ hacker taldeak Twitterren jakinarazi duenez, duela bi urte baino gehiagotik EAJren datu-base guztia esku artean dute.
Asteleheneko Gasteizko atxiloketetako Ertzaintzaren gehiegikeriengatik zabaldu dute mezu hori eta datu-baseko informazioa erabiltzea pentsatzen ari direla azaldu dute atxiloketei erantzunez.
Posta elektroniko bidez ere mezua zabaldu dute: “EAJren e-posta zerrendako 15.625 helbidetan jaso dute mezu hau”. Lehen abisua dela adierazi dute eta informazioa deskargatuta eta segurtasun kopietan dutela gordea.
Llevamos más de dos años accediendo a sus cuentas y a toda su base de datos. Disfruten del baile, @eajpnv ;) http://t.co/Ft5pKiGzKr #Resist7
— La Nueve (@La9deAnon) May 18, 2015
Ohartarazpena ere egin diote alderdiari: “Errezatzen hasi zaitezte Interneteko unibertsoan agerian ez geratzeko”.
Talde horren ekintzen artean daude Espainiako Egunkarien Editoreen Elkartearen (AEDE gaztelaniazko sigletan) eta 13TV komunikabidearen webguneak hackeatzea, besteak beste.
Espainiako Inteligentzia Zentroaren (CNI gaztelaniazko sigletan) baitako Espainiako Kriptologia Zentroaren txostenaren arabera, “La Nueve de Anonymous erreferente operatibo moduan mantentzen da Espainiako Estatuan”, El Paisek jaso duenez.