argia.eus
INPRIMATU
Ortuzar prest agertu da EAJren buru izaten segitzeko
  • Abian da EAJren barne prozesua. Lehen fasea urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra bitartean egingo da. Gaurtik aurrera, Ortuzarrek alderdiaren buru izaten jarraituko duen erabakitzeko aukera izango dute EAJko afiliatuek.

Leire Ibar 2025eko urtarrilaren 20a
EAJren barne hauteskundeak hastera doaz, eta Ortuzarrek lidergoa mantentzea nahi du. EFE

Abian da EAJren Buru Batzarra berritzeko barne prozesua. Gaur hasi da, urtarrilaren 20an, eta lehen faseak otsailaren 2ra arte iraungo du; hautagaiak aurkezteko tartea da. Ikusmina zegoen ea Andoni Ortuzarrek buruzagitzan segitzeko prestutasuna agertuko zuen ala ez, eta erretiroaren susmoak baztertu eta "bere burua afiliatuen esanetara" ipiniko duela esan du azken orduotan.

EAJren barne prozesuak azken hilabeteotan ari dira gauzatzen; azkena hauxe da, buru batzarrari dagokiona. Azaroan, EAJren lurralde kontseiluetako presidenteak izendatu ziren: IƱigo Ansola (Bizkaia), Maria Eugenia Arrizabalaga (Gipuzkoa), Jone Berriozabal (Araba), Unai Hualde (Nafarroa) eta Peio Etxeleku (Iparraldea). Horiek, EBBren presidentearekin eta zortzi burukideekin batera, hamalau kideko Batzorde Exekutibo Nazionala osatuko dute, eta bertan hartuko dira alderdiaren erabaki garrantzitsuak.

Ortuzar: "Berrikuntza osoa ala egonkorra"

Lidergoaren etorkizunari buruzko eztabaida dago alderdi jeltzalean. Ortuzarrek adierazi du bi jarrera daudela alderdiaren barruan, batzuen ustez, berrikuntza osoa behar dela adierazi du eta beste batzuk, berriz, aldaketa egonkorra defendatzen dutela. Ortuzarrek, hautagai izaten jarraitzea nahiko lukeela esan badu ere, afiliatuek erabaki behar dutela nabarmendu du.

Lehenengo erabakia hartu ondoren, bigarren itzulia egingo da otsailaren 10etik 26ra bitartean. EBBko presidentea eta zortzi burukideak aukeratuko dira. Horrekin batera, alderdiaren funtzionamendua eta etorkizuneko ibilbidea definituko duen batzorde exekutibo nazionala osatuko da.

Prozesu honen azken fasea martxoaren 29 eta 30ean izango da Donostian, IX. Batzar Nagusian. Bertan, batzorde exekutibo berria aukeratuko da, eta etorkizuneko estrategia politikoa zehaztuko da. Azken fase honetan, EAJko kideek egindako hauteskundeak eta bere karguak jokoan egongo dira, baita Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako gobernuarekin dituen harremanek ere.