argia.eus
INPRIMATU
EAJren abstentzioa gakoa izan da Aznarrek Irakeko gerran izaniko paper gezurtia ez ikertzeko
  • 2003an hasitako Irakeko gerran Jose Maria Aznarren gobernuak izan zuen papera ikertzeko batzordea eratzea ez da aurrera atera Espainiako Kongresuan. ERC eta PSOEk bultzatako ikerketa eskaera ez zen aurrera atera asteazkenean Kanpo Gaien Batzordean, PP eta Ciudadanosen ezezkoekin botoetan berdinketa zegoelako. EAJ abstenitu egin zen, Aitor Esteban azalpenik eman gabe ez baitzen saiora agertu.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 03a
Ezkerretik eskuinera Blair, Bush eta Aznar presidenteak Azoreetan eginiko goi bileran, Irakeko gerraren inguruan.

ERCk Kanpo Gaien Batzordean babesturiko eskaeraren helburua bederatzi hilabeteren buruan Espainiako Estatuak Irakeko gerran izaniko papera, eginiko gastu militarrak eta mugitutako tropak zenbat izan ziren argitzea da.

Batzordean hiru aldiz bozkatu zen proposamena, hiruetan hemezortzina berdinduz. ERC, PSOE, Podemos eta PDC alderdien aldeko botoak izan dituzte eta PP, Ciudadanos eta UPNren aurkakoak. EAJko ordezkari Aitor Esteban ez zen batzordera agertu. Aldekoek EAJren babesa espero zuten arren, absentziak eskaerak aurrera ez egitea ahalbidetu zuen. Hala azaldu du El Punt Avuik bere webgunean.

Britainia Handian Chilcot txostena egin zuten estatuak izaniko papera ikertzeko. Ikerketa kaleratzearekin batera orduko lehen ministro Toni Blairrek barkamena eskatu zuen “esaniko gezurrengatik eta tropen jokaerengatik”.

ERCk defendatu duenez Aznarrek ere barkamena eskatu beharko luke gerran eta ondorengo berreraikitzean izaniko papera justifikatzeko esandako gezurrengatik. Aznarrek Irak suntsipen handiko armen jabe izatearekin arrazoitu zuen inbasioa, baina inoiz ez da halakorik egiaztatu. Gudak milioi erdi edo milioi bat heriotza inguru eragin zituen ikerketa desberdinen arabera eta milaka pertsona desplazatzera behartu.

ERC eta PSOEk gaia lantzen jarraituko dutela aurreratu dute, alderdi guztiek ongi azter dezaten.

Aznarren hitzak Irakeko suntsipen handiko armen inguruan: