EAJren eta PSEren botoekin onartu dute Pasaiako alkateari soldata %35 igotzea. EAJko zinegotzi Erik Riosek dimisioa aurkeztu du, bere taldearekin konpartitzen ez dituen ideiak defendatzea “oso zail” zaiola argudiatuz.
Uztailaren 24ko udalbatzarrean erabaki zuten Izaskun Gomez (PSE-EE) Pasaiako alkateari soldata 33.897 eurotik 45.867 eurotara igotzea. Riosek igoeraren aurkako bere jarrera adierazi du zabaldutako komunikatuan: “Bizi dugunaren pareko krisi egoeran, eta Gipuzkoako lurraldeko herririk txiroena den honetan langabe kopurua %16 dela kontutan hartuta, soldaten igoerak justifikaziorik ez duela uste dut”.
EAJ eta PSEren arteko itunak ere bere dimisioa aurkezteko arrazoi direla azaldu du Riosek. Herrian gehiengoa abertzalea izanda, alkate ez abertzale eta ez euskalduna izendatzea kritikatu du: “Gure herri izaera eta gure eskubideak ukatzen dituen alderdia ezin da gure lehentasunezko kidea izan”.
Alkateen soldatak eztaba sortzen
Alkateen soldaten igoerak eztabaidagai izan dira herri askotan azken hilabeteetan, hauteskundeak pasa eta lehen udalbatzarretan aldaketa ugari egin baitituzte buruzagi askok beren lansarietan.
Euskadiko Autonomia Erkidegoan EAJren eta PSN-EEren babesarekin soldaten igoera orokorra izaten ari da, eta hainbat herritan nabarmena izan da aldaketa. Arrigorriagan, adibidez, %44 igodute EAJko alkatearen soldata, eta Azkoitian %47.
Nafarroan, aldiz, alkateen soldaten joera beheranzkoa izan da orokorki: hala nola, Iruñean, %17 jaitsi dute alkatearen soldata, edota Tuteran, %40.