argia.eus
INPRIMATU
EAJko kide bat buru duen enpresa baten “jarrera mafiosoa” salatu du Hondarribiko Abotsanitz Udal Taldeak
  • Lau hilabetetan hamahiru helegite jarri, eta erantzunik ez dutela jaso jakinarazi dute udal taldekoek. Salatu dute udalak 600.000 euro erabili dituela kontratazio irregularretarako.

Igor Galarza Intxausti @IgorGalarza 2019ko abenduaren 13a
Irudia: Abotsanitz Udal Taldea

Hondarribiko Udalean irregulartasunak daudela salatu dute. Montai kontratazio enpresako burua da Aitor Elorza, baita EAJko Aberri Batzarreko kidea ere. Abotsanitz Udal Taldeak aditzera eman duenez, Elorzak “mehatxu egin zion Hondarribiko Udalari”. Ekitaldi baten kudeaketa Montaik egiten ohi zuen. Aurten udaletik beste enpresa bat kontratatu dela eta, Elorzak bere haserrea erakutsi zion Hondarribiko Udalari, Abotsanitzek azaldu duenaren arabera.

Uztailetik azarora bitarte, helegite ugari jarri du oposizioko udal taldeak: hamahiru zehazki. Epe horretan, udalak 600.000 euro kontratazio irregularretara bideratu dituela esan du Abotsanitzek. Horrez gain, exijitu du Montai enpresa taldearen “praktika mafiosoa” dela eta, udal gobernuak harreman guztiak eten ditzala.