Mundakako alkatea Mikel Bilbao zen gertaerak deskribatzen diren garaian, 2019 eta 2020an, eta EAJko herriko Uri Buru Batzarrak presioa egin zion aurreko udalak kontratatutako zerbitzu juridikoak berriz kontratatzeko. Udaleko idazkariak kontratazio horren aurkako txostena egin zuen.
El Salto hedabideak argitaratutako erreportajeetan deskribatzen da EAJk egin duen lana Mikel Bilbao alkateak bere aginduak onar ditzan, eta alkateak egin dituen eginahalak horiei aurre egiteko
Bilbao alkatetzara iritsi zen 2019an hasi zen legealdian, eta aginte makila hartu bezain laster bertan behera utzi zuen Javier Aldamiz-Etxebarriaren aholkularitza juridikoa. 2005etik da Aldamiz EAJko afiliatua, El Salto-k azaltzen duenez, eta Espainiako Kongresurako EAJren hautagaia ere izan zen. Kontratuaren etete hori ez zen izan EAJren gustukoa eta Alfonso Menoyo Mundakako Uri Buru Batzarreko lehendakaria aldez eta moldez saiatu zen Bilbao konbentzitzen Aldamiz kontratatu zezan.
Udaleko idazkariak ordea, kontratazio hori lehiaketa publikoz egin behar zela argudiatu zuen txosten batean. Haren arabera, halaber, udalaren arkitektura lanak funtzionarioek egin behar zituzten eta ez kontratazio publikoz. Bilbao alkatea txosten horretan oinarritzen zen etengabe adierazteko EAJk nahi zuena legez kanpokoa izan zitekeela, eta horregatik lehiaketa publikoa egin behar zela, zuzenean Aldamiz kontratatu beharrean.
“Uri Buru Batzarraren agindua da”
Bilbaok telefonoz eta aurrez aurre izandako bilera ugari grabatu zituen eta horietan argi ikusten da alkateak jasan duen presioa, lehenik Alfonso Menoyoren aldetik, eta aurrerago baita Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiarengandik ere, zeinak eskatzen dion alkateari “busti dadila", berak bere garaian egin bezala. Rementeria Mundakako alkate izan zen ahaldun nagusi izan aurretik.
Izandako berriketaldi ugarietako batean Bilbao tematuta dago lehiaketa publikoan, eta Menoyok zera erantzuten dio: “Gonbidatu hiru nahi baduzu, baina emaitza bakarra izango da. Aholkulari juridikoa jarri egin behar da bai ala bai”. Bere garaian hala salatu zuen egoera Bilbaok: “Batzokitik ekarritako legez kanpoko permuta urbanistikoa onartzeko erabili nahi ninduten, aurreko udalak kontratatutako aholkularitza juridikoaren bermea zuelakoan”.
Bilbaok argi adierazi zion Menoyori udal idazkariaren iritzia, baina azken horrek argi zuen ez zela lege kontu bat: “Ez da legearen arabera, interpretazio bat egiten ari den gizon baten diktamena baizik. Horren gainean nik badakit zerbait”.
2019ko azken hilabeteetan eta 2020ko lehenetan hainbat bilera egin ziren Mundakako EAJren eta udaleko mandatari jeltzaleen artean, eta horietan Bilbao alkateak presio ugari jaso zituen: “Hasten naiz jabetzen bilera horien helburu bakarra –dio Bilbaok– udala batzokitik gobernatzea dela, legezko bideak kontuan hartu gabe, eta proposatzen dizkidaten jardueretako batzuek niretzat izan ditzaketen ondorioetako batzuk kontuan hartu gabe”.
Telefonoz grabatutako elkarrizketa baten berri ere eman du El Salto-k, non Menoyok behin eta berriz presionatzen duen Bilbao: “Begira, ez dakit nola esan argiago: ez da eztabaidagarria. Ez da zuk era batera edo bestera ulertzekoa, Uri Buru Batzarraren agindua da”. Eta bere aldeko argudio ugari erabili ondoren, hala amaitzen du: “Jakin behar duzu non zauden”.
Fiskalak salaketa artxibatu zuen
Bilbao berak jarri zituen fiskaltzaren esku hainbat material aipatutako hau eta beste hainbat afera iker zitzan, besteak beste lehentxeago deskribatutako ditugun audioak. 2022an fiskalak auzia itxi zuen materialotan deliturik aurkitu gabe. 2021eko urrian Mundakako EAJko zinegotziek beren alkatearen aurkako zentsura mozio bidez lortu zuten Bilbao alkatetzatik kentzea.
Bilbao ez zen EAJko afiliatua alderdiak 2019ko udal hauteskundeetara Mundakako alkategai moduan joatea proposatu zionean. Ikerketa zabal eta sakon honen egile Ahoztar Zelaietak azaldu duenez, sasoi hartan Andoni Ortuzar EAJko EBBko lehendakaria irudi garbiketa egiten ari zen, aurreko urteetan alderdia udaletako afera ilun ugaritan nahasita agertu ondoren. Horregatik jo zuen Bilbaorengana: Bilbao zen Sukarrietan Sabino Aranaren hilobiaren aurrean urtero aurreskua dantzatzen zuen gaztea, baina behin alkate aterata ez zuten lortu alderdiak nahi zuena egitea.
2023ko udal hauteskundeetan Bilbao Herritar Alternatiba hautagaitza independentearekin aurkeztu zen berriz alkategai eta bi zinegotzi lortu zituzten. Horiekin eta EH Bilduren hirurekin, azken indar horrek du alkatetza gaur egun.