argia.eus
INPRIMATU
EAJk 3,1 milioi euro utzi zituen deklaratzeke 2012an, Kontu Auzitegiko Fiskaltzaren arabera
  • Espainiako Kontu Auzitegiko Fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu ditu EAJren 2012ko kontuetan. “Trukatze arraroak”, “legez kanpoko finantzaketa” eta “balantze ofizialetan informazioa ezkutatzea” egotzi dizkio Fiskaltzaren txostenak alderdi jeltzaleari, besteak beste.

Nerea Ibarzabal Salegi 2015eko urtarrilaren 07a
EAJk 2012an 357 kontu korronte eta inbertsio funts zituela dio Fiskaltzak, 3,1 milioi eurorekin. (Arg: EFE)

Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako beste alderdi batzuen ustezko iruzurrak ere salatu dituzte. Horien artean daude EA, PP, PSOE, CDC eta UDC.

El País egunkariak argitaratu duenez, EAJk 4,9 milioi euroko irabaziak lortu zituen landa jabego baten trukearen bitartez, eta ez zuen kontuetan horren berri eman. Alderdiak hori ukatu du astelehenean plazaratutako ohar batean.

Horrez gain, EAJk 2012an 357 kontu korronte eta inbertsio funts zituela dio Fiskaltzak, 3,1 milioi eurorekin, eta horiek ere ez zirela balantzeetan ageri.

EAri dagokionean, alderdiak ez zituen 2012ko “gastu eta diru sarrera guztiak” deklaratu, Fiskaltzaren ustetan.

Informazioa plazaratu ostean alderdiek izandako erreakzioak direla eta, Kontu Auzitegiak txosten hori “behin-behinekoa” dela jakinarazi du ohar baten bitartez.

El Paísen arabera, Espainiako Kontu Auzitegiko Fiskaltzak inoiz argitaratutako txostenik irmoena da oraingoa. 2012ko kontuak aztertzen ditu bakarrik, halere; 2013 eta 2014koak aztertzeke daude.