argia.eus
INPRIMATU
EAJk alarma egoera maiatzaren 23ra arte luzatzearen alde bozkatuko du, uztailean EAEn hauteskundeak egitearen truke
  • Asteazken honetan Espainiako Estatuko alarma egoeraren laugarren luzapena bozkatuko da Diputatuen Kongresuan. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak zenbait babes galdu ditu, eta EAJ eta Ciudadanos alderdiekin tratuak egin behar izan ditu luzapena aurrera ateratzeko.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko maiatzaren 06a
Pedro Sanchez Espiniako preidentea eta Andoni Ortuzar EBBko burua. Argazkia: Ăšltima Hora.

Kongresuko ordezkari politikoek botoa emateko ordu gutxi falta direnean, litekeena da Pedro Sanchezen eskaerak baiezkoa lortzea. Horretarako zenbait kontzesio eskaini dizkie EAJ zein Ciudadanosi. Jeltzaleei hitz eman die deseskalamenduko erabakiak bi gobernuen artean hartuko direla eta EAEn uztail honetan hauteskundeak egin ahal izango direla, Iñigo Urkulluren asmoak betez.

Ciudadanosi, bere aldetik, deseskalamenduko asteroko lankidetza eta ERTEak eta autonomoei diru-laguntzak onartu dizkio.

Espainiako Estatuko parlamentuan dauden 350 eserlekuetatik gehiengo sinplea behar du proposamenak aurrera ateratzeko. Alderdi asko dago baiezkoaren eta ezezkoaren arteko kolokan, ordea; eta PPk ere ezezkoa ematen badio, 164 eserleku izango ditu aurka. Hori horrela, eta ERCren babesa jada galduta, Ciudadanos eta EAJrekin tratuak egin behar izan ditu, bien baiezkoarekin 176 aldeko boto lortuko baititu.

Astearte gauera arte aritu da hizketan Espainiako Gobernuko presidenteorde Carmen Calvo eta EAJko EBB Andoni Ortuzar. EAEko Gobernuan dagoen alderdia konfinamendua lurraldeka arintzearen aldekoa izan da hasieratik bertatik. Hori horrela, alarma egoera maiatzaren 26ra arte luzatzeari baietz esan diezaioke, betiere Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egiteko baimenaren truke, baita EAEko Gobernuak krisi honen kudeaketan protagonismoa berreskuratzearen truke ere.