argia.eus
INPRIMATU
EAJk izan ezik, alderdi guztiek Donostian Miramar jauregian hotel bat eraikitzearen aurka egin dute
  • Donostiako Miramar jauregian hotel bat egiteko eskaera atzera bota dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek. EAJk izan ezik, PSEk, PPk eta Ahal Duguk EH Bilduren proposamena babestu dute eta jauregiaz arduratzen diren Foru Aldundiko ordezkariei ere ezezkoa bozkatzeko gonbita luzatu diete. Jeltzaleek diote ez dela “aukerarik baztertu behar jauregiaren gastu ekonomikoei aurre egiteko".

Miren Osa Galdona @Mirentx_U 2018ko urtarrilaren 16a

Musikenek Miramar jauregia utzi zuenetik, kolokan dagoela diote eraikinaren sostengu ekonomikoa. Kusaal sozietateak, Donostian kongresuak antolatzeaz arduratzen den taldeak, azaroan eman zuen jauregiaren gastu ekonomikoei aurre egin ahal izateko hotel bat eraikitzearen ideia.

Denis Itxaso Foru Aldundiko kultura diputatuak adierazi du galera ekonomiko horiek ez dutela justifikatzen hotel bat egiteko asmoa. “Miramar jauregia gipuzkoarron ondarea da eta gure egitekoa eraikina babestea da”. Gainera, epe laburrean Donostiako turismo eskaintza handitu egingo dela jakinarazi du: “Datozen urteetan Donostian eta inguruetan 2.000 plaza gehiago egongo dira. Nahikoa dira hiriak duen beharrei erantzuteko, ondare publiko bat pribatizatu beharrik gabe”. Ahal Duguko bozeramaileak nabarmendu du EAJk “baliabide publikoak pribatizatzeko eta merkantilizatzeko duten gogoaren" ondorio dela. Batzar Nagusiak hartutako erabakia errespetatzeko eskatu die jeltzaleei eta foru aldundiari.

Bestalde, Marije Zelaia EAJko Aldundiko bozeramaileak esan du egoera ekonomikoa kontuan hartu behar dela erabakia hartzeko orduan. “Konponbideak bilatu behar dira Miramar jauregiaren arazo ekonomikoei aurre egiteko; bakar bat ere baztertu gabe”. Jauregiaren ondare arkitektonikoa, historikoa eta kulturala aintzat hartu beharreko faktoreak direla adierazi du. Kursaal sozietatearen txostenetik abiatuta, Foru gobernuak beste bi proposamen eskatu dituela azaldu du Zelaiak eta oraindik emaitzen zain daudela.