Koronabirusagatik bizi den alarma-egoeraren erdian, eta prentsarik gabe egindako osoko bilkura murritz batean, EAJk eta PSEk zerga-salbuespen bat atera dute aurrera Bizkaiko Batzar Nagusietan. Praktikan, aukera emango die inbertsio-funts espekulatiboen kudeatzaileei –funts putreei– lortutako etekinen erdia baino ez tributatzeko. Beste erdia zergak ordaintzetik salbuetsita egongo da, El Salto agerkariko kazetari Miguel Virizuelak azaldu duenez.
Martxoaren 5ean, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek aurkeztutako zuzenketak atzera bota zituzten EAJk eta PSEk PPren babesarekin, eta hartara Bizkaiko Diputazioak "bidea librea zuen arrisku handiko funtsen kudeatzaileentzat zerga-tratamendu espezifiko bat ezartzeko, teorian ekintzailetzari eta berrikuntzari lotuak, errenta-zergaren zerga-oinarria erdira jaitsiz", kazetariaren hitzetan.
"Ideia ez da berria", dio Virizuelak. Bizkaiko Foru Aldundiak "ekintzaileak eta funtsen kudeatzaileak" erakartzeko politikak sustatu ditu 2015etik, beherapen fiskalak tartean. Helburua, Asier Alea Diputazioko proiektu estrategikoen zuzendari ohiaren hitzetan, "ekosistema ekintzailea indartzen laguntzea" eta Bizkaiko start up deitutakoetan inbertsioa lortzea da. Alegia, Bizkaia lurralde lehiakorragoa bihurtzea fiskalki eta, horrela, "talentua erakartzea".
Elkarrekin Podemos taldeko bozeramaile Eneritz de Madariagaren hitzetan, "Bizkaiko Foru Aldundiak, gure lurraldean enpresa-proiektuak garatzeko inbertsioa bilatzeko aitzakiarekin, erabaki du inbertsio-funtsen kudeatzaileentzat –finantza-marrazoentzat– baldintza fiskal onuragarriak ezartzea, alfonbra gorria jarri eta baldintza erosoak eskaintzea".
📽️ En comisión reducida, sin prensa y en plena crisis por el #coronavirus aprueban rebajar al 50% el #IRPF de gestores de fondos. Vergonzoso. 📽️ Batzorde murriztu batean, prentsarik gabe eta koronabirusaren krisian, funtsen kudeatzaileen PFEZ %50era jaistea onartu dute. pic.twitter.com/eyWkUCIm0v
— Eneritz de Madariaga (@EneritzAhalDugu) March 18, 2020