argia.eus
INPRIMATU
Justizia Administrazioan ea hizkuntza eskubideak errespetatzen diren aztertzeko EH Bilduk eginiko proposamena atzera bota dute
  • Ostegun honetan, Gasteizko Parlamentuan, “Justiziaren euskalduntzean aurrera egitea” eskatzen duen zuzenketa onartu dute EAJ eta PSEk, baina ez dute neurri zehatzik proposatu EH Bilduk salatu duenez.

Leire Ibar 2024ko urriaren 10
Legez besteko proposamena egin du EH Bilduk eta Gobernuak ez du onartu. EITB

EH Bilduk arukeztu du legez besteko proposamen bat, non Lakuako Gobernuari eskatzen dion urtebeteko epean Justizia Administrazioan hizkuntza eskubideak ea bermatzen diren aztertzea. Proposamen horretan, euskarazko zerbitzuak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak zer neurri hartu dituen ikertu nahi dute. Horrela, herritarrek euren hizkuntzan justizia eskatzeko aukera izatea da helburua, Naizek jaso duenez.

Eraitz Saez de Egilaz EH Bilduko legebiltzarkideak esan du justizia administrazioa "itogunea" dela euskararentzat. Epaiketak euskaraz egitea oso zaila dela, eta askok zailtasunak dituztela euren hizkuntzan prozedura judizialak aurrera eramateko. Horregatik, justizia euskalduntzea “premiazkoa” dela uste du. Europako Kontseiluak ere epaiketak euskaraz egin ahal izateko neurriak eskatzen ditu. Kontseiluak Espainiako Estatuak sinatutako Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunari egin dio erreferentzia.

EAJ eta PSEk onartu duten zuzenketan, “Justiziaren euskalduntzea bultzatzeko neurriak” eskatu dituzte, ez dute adierazi ordea hori lortzeko zehazki zer egingo den. PSEko Pau Blasi legebiltzarkideak epaiketa bat euskaraz egitea “oso zaila” dela onartu du. Sumarreko Jon Hernandez legebiltzarkideak, EH Bilduren proposamenaren alde dagoela baieztatu ondoren, bere zuzenketa propioa aurkeztu du. Hizkuntza-eskubideei buruzko azterketa justiziaren eremura eta euskal administrazio osora zabaltzea eskatu dute, hala nola Ertzaintzara eta Osakidetzara. 

EAJk eta PSOEk EH Bilduren eta Sumarren zuzenketak atzera bota dituzte, eta euren proposamena onartu dute, Justizia Administrazioaren 2023-2032 Hizkuntza Normalkuntzarako Planaren arabera justizia euskalduntzeko neurriak eskatzeko.