EAJk eta PSE-EEk salbatu dute gobernua

  • EH Bilduren igoera oso handia izan da; sei ordezkari irabazi ditu. Baina ez da nahikoa izan EAJri aurrea hartzeko. Bi indar abertzaleek 75 eserlekutatik 54 izango dituzte –botoen %67–. Bestalde, Espainiako eskuinak aurreko legegintzaldian baino bi eserleku gehiago izango ditu, zortzi.


2024ko apirilaren 21an - 22:00
Azken eguneraketa: 2024-04-22 00:28:20

Bien baturak gobernua osatzeko 38ko langa gaindituko ote zuen ala ez, horixe zen gaueko galdera nagusia. Eta botoa ematea erabaki duten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek baietz esan dute. EAJk lau legebiltzarkide galdu ditu 2020ko hauteskundetatik hona, 27rekin geratu da, baina boto-emaileek berretsi diote konfiantza alderdi jeltzaleari.

Izan ere, nahiz eta EH Bildurekin berdinduta gelditu eserleku kopurutan, alderdirik bozkatuena izan da beste behin EAJ. Botoen portzentajean, ia hiru puntu atera dizkio –30.000 boto inguru–. Gobernua osatzeko, jeltzaleek ohiko bazkide PSE-EEren atea joko dute, zeinak ospatzeko zer ere baduen: bi ordezkari irabazi ditu Eneko Andueza zerrendaburuen alderdiak; hamabi izango ditu. Beraz, Imanol Pradales lehendakari izendatzeko balizko inbestidura batean, aise helduko lirateke botoen gehiengora –39 boto lituzkete bien artean–.

EH Bilduk duela lau urte baino sei legebiltzarkide gehiago izango ditu, inoizko gehien. Balizko gobernu bat osatu ahalko luke PSE-EErekin, baina sozialistek dagoeneko esana dute ez luketela subiranisten gobernurik babestuko.

PPk, eserleku bat irabazita, zazpi legebiltzarkide izango ditu Eusko Legebiltzarrean, eta Voxek bereari eutsi dio Araban. Beraz, Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak zortzi eserleku izango ditu Gasteizko ganberan, aurrekoan baino bi gehiago, seitik zortzira igarota.

Sumarrek sorpresa eman du Araban. EiTBren apirileko inkestak, eserleku bat ematekotan, Bizkaian ematen zion. Otsailean, berriz, inkesta-etxe berak, Gipuzkoan ematen zion.

Podemosek sei legebiltzarkide zituen aurreko legegintzaldian, hamaika izan zituen duela bi, eta bakar bat ere ez du eskuratu hauteskunde hauetan.

Zenbatua: %
Eguneratua:
legebiltzarkide
Gehiengoa:
2020
2024


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude