Gasteizko Udaleko akordioaren ostean aurreikusten zen moduan, EAJ eta PP bat etorri dira Bizkaiko Aldundiko aurrekontuen aurreproiektuan eta bien bozkek PSE-EEren eta Bilduren zuzenketak atzera bota zituzten atzo.
Nahiz eta hasieran PP abstenitu egingo zela aurreikusi zen, zuzenketen aurka bozkatu zuen EAJk egin zuen moduan. PSEk aurkeztutako zuzenketak aldeko 19 boto jaso ditu (PSErenak eta Bildurenak) eta kontrako 30 (EAJ eta PP). Bilduren zuzenketak berriz, 20 aldeko eta 30 kontrako.
Aurkeztu den aurrekontuen aurreproiektua eta egin zaizkion 200 zuzenketa baino gehiago eztabaidatuko dira batzordean plenora joan aurretik. PPk aurreratu duenez, bere zuzenketak onartuz gero prest dago aurrekontuak onartzeko bozketan abstenitzeko. Erabaki horrek aurrekontuak aurrera ateratzeko balioko lioke EAJri.
El Correok dioenez 2012an baino %10,3 murritzagoa da EAJren aurreproiektua. Ia %80 lau poltsa nagusik jasoko lukete Vocento taldeko egunkariak dioenez: obra publikoa, garraioa, sustapen ekonomikoa eta gizarte ekintza. Aldundiaren funtzionamendu gastuak eta erakundearen "konpromisoak" berriz 6.578 milioi euro edukiko lituzkete eskura, joan den urtean baino %4,3 gutxiago.