argia.eus
INPRIMATU
EAJk eta Juntsek energia enpresa handiei ezarritako zerga ezabatu dute
  • Euskal Herriko eta Kataluniako indar eskuindarrek bat egin dute PPrekin eta Voxekin, zerga ez luzatzeko.

El Salto @ElSaltoDiario Yago Alvarez Barba @econocabreado 2025eko urtarrilaren 23a
EAJko Aitor Esteban Espainiako Kongresuan. David F. Sabadell / El Salto

Repsolek irabazi du. Iberdrolak irabazi du. Espainiako Diputatuen Kongresuan egindako mehatxuek energia enpresa handiei ezarritako aldi baterako zerga berria bertan behera uztea lortu dute, azken bi urteetan enpresa gutxi batzuek ordaindu dutenaren luzapena izango litzatekeena. Juntsek eta EAJk Alderdi Popularraren eta Voxen eskuin muturraren botoekin bat egin dute energia enpresa handiak zergarik gabe uzteko.

Gobernuak emandako kontzesioek ere ez dute funtzionatu. Nazionalista katalanek eskatu zuten enpresa horiek egindako inbertsio berdeak desgrabatzeko zerga-figura berritik ordaindu beharreko zenbatekotik. Josu Imaz Repsoleko CEOak eta EAJko buruzagi ohiak La Vanguardia egunkarian “Industria o populismo” izeneko zutabe bat argitaratu ostean agertu ziren Juntsen eskakizunak. Artikuluan Imazek mehatxu egin zuen Tarragonan egitekoak ziren inbertsioak Portugalera eramateko.

Ogasun Ministerioak duela aste batzuk aurkeztutako eta asteazkenean bertan behera geratu den testuak jasotzen zuen Trantsizio Ekologikoko Ministerioak estrategikotzat jotzen zituen inbertsio berdeetarako zerga-arintzeen sistema bat. Baina badirudi kontzesio horrek ere ez dituela pozik utzi kontra bozkatu duten katalanak.

Euskal nazionalisten eskakizunen arabera, bilketa foru-ogasunetan geratzea nahi zuten, beste zerga batzuekin egiten den bezala. Baina lagapen hori ezinezkoa da zerga aldi baterakoa izanik. Zerga iraunkor bat garatzeko eta diseinatzeko zailtasunak eta denbora urria ikusita, zerga-bilketa EAEko erakundeetan laga ahal izateko, proposamen berriak aurreikusten zuen urteko azken hiruhilekoan zergaren ondorioak eta iraunkorra izateko aukera aztertuko zirela. Horrek ulertzera ematen zuen 2027an zerga iraunkorra izatera pasako zela, eta EAJk eskatzen zuen bezala banatzeko.

Baina EAJkoek ere ez dute testu berria onartu, ezta zerga beste urtebetez luzatzearen aukera ere. Energia enpresa handi horientzako zerga berri baten azterketa eta diseinuari atea ere ez dute ireki nahi izan. Segutzarra ez da hemen amaitu. Zerga aurrera ez ateratzeak eragin handiagoa du: Podemosek ohartarazi du ez dituela Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestuko zerga aurrera ateratzen ez bazen. Aurrekontuak bigarren urtez jarraian aurrera ez ateratzeak porrot bikoitza bihurtu du asteazkeneko bozketa, koalizio gobernuarentzat mingarrienetakoa. 1.000 milioi eurotik gorako salmentak zituzten enpresen fakturazioa zergapetzen zuen indargabetutako zergak. Repsolek, Iberdrolak, Endesak, Naturgyk eta EDPk soilik ordaintzen zuten. Horri esker, Ogasunak 3.000 milioi euro inguru eskuratu zituen.