Katalunian Gobernua osatzen denean, iaz egin bezala, EAJk Espainiako Aurrekontuak aurrera aterako dituela uste du Espainiako Ekonomia Ministroak.
“Nik uste aurrekontuak egongo direla”, De Guindos Espainiako Ekonomia Ministroak SER irratian egindako adierazpenak dira aurrekoak. EAJk Espainiako aurrekontuak babestuko dituela uste du, Katalunian Gobernua osatu ostean, “guztioi interesatzen zaigu” gaineratu du.
Ministroaren ustetan, aurrekontuen inguruko negoziazioa, Kataluniak “baldintzatu du”. Behin Kataluniako Gobernua osatuta ordea, EAJ negoziaketarako prest ikusten du. Bere ustez, iaz egin bezala, Espainiako aurrekontuak berriz ere aurrera aterako dira PP, Ciudadanos eta EAJren babesarekin.
Itxaso Atutxa EAJko BBBko lehendakariaren esanetan, aldiz, jeltzaleek ez dituzte aurrekontuak onartuko Kataluniako egoera normaldu arte, eta gogoratu du Carles Puigdemont Bruselan dela oraindik eta hainbat ordezkari politiko preso direla.
Hauteskundeen ondorengo egoera ere aztertu du Atutxak, Radio Euskadiko Boulevard saioan egindako elkarrizketan eta esan du independentismoa ez dela iritsi %50era baina hor daudela ia eta horrek "borondate argi bat" adierazten duela. Politika egiteko garaia dela aldarrikatu du, arazoa elkarrizketa bidez bakarrik konpon daitekeela eta alde biei negoziaziorako jarrera eskatu die.