PP, Vox, EAJ, UPN eta Coalición Canariako ordezkarien 177 aldeko botorekin onartu du ebazpena Espainiako Kongresuak, gobernuari eskatzen diona oposizioko buru Edmundo González presidente gisa onartu dezala. EAJk gobernua sustengatzen duen gehiengoarekin apurtu du asteazkenean egin den bozketan.
PPren legez besteko proposamenak ez du ondorio praktiko edo juridikorik, asteazkenean bozkatu dute baina asteartean eztabaidatu zuten kongresuan. Igandean heldu zen Edmundo González Madrilera, Espainiako Armadaren hegazkin batean eta Venezuelako Gobernuak irteera baimenduta. Espainiako Gobernuak iragarri zuen asilo politikoa emango diola.
Canal Sur telebistak jaso duenez, PPtik Cayetana Álvarez de Toledok defendatu du proposamenaren beharra, "Maduroren diktadurak" burutu duen "hauteskunde iruzurrari" erantzuna emateko. PSOEtik, Cristina Narbonak "irteera errealak" aldarrikatu ditu, eta azpimarratu duEuropar Batasuneko gobernu bakar batek ere ez duela antzeko neurririk hartu. JxC ez da bozketan presente egon, eta gainontzeko alderdiek aurka bozkatu dute.
EAJ inbestidurako gehiengoa osatzen duten taldetatik aldendu da eskuinarekin eta eskuin muturrarekin bat egiteko. Kongresuko eztabaidan, Aitor Esteban bozeramailea ulerkor agertu da PSOEren gobernuak González presidente moduan ez onartzeko hartu duen erabakiarekin, "tartekaritza" kaltetzea ekiditeko. Baina argudiatu du PPren ekimenak ezin zuela porrot egin, chavismoarentzako garaipen "morala" litzatekeelako. Aurretik, prentsa agerraldia eman du Estebanek bere taldearen posizioa azaltzeko, Eitb-k jaso duenez, adierazi duEAJ beti egongo dela "errepresioaren, diktaduraren, ilunkeriaren eta Maduroren aurka: ezin zaio zentimetro bakar bat ere eman".