argia.eus
INPRIMATU
EAJk bere nagusitasunari eutsi dio Bizkaian, eta EH Bildu nabarmen hazi da bozka kopuruan
  • EAJ atera da garaile Bizkaian, 12 eserlekurekin. Bozka kopuruan ez du gora egin ordea, EH Bilduk bezala. Bigarren honek nabarmen egin du gora bozka kopuruetan, 7 eserlekurekin bigarren indar gisa kokatuz. Eusko Legebiltzarreko 2020ko hauteskundeak zerbaitek nabarmendu baditu, parte hartze baxua izan da.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 12a

Eusko Legebiltzarreko 2020ko hauteskundeetan EAJ atera da garaile Bizkaian: 200.029 botorekin (%42,60) 12 eserleku lortu ditu, 2016an baino bat gehiago. Boto kopuruan, ordea, behera egin du aurreko hauteskundeetatik; 2016an bozken 238.581 bozka izan zituen (%42,07).

Irabazitako boto kopuruari dagokionez nabarmendu den alderdirik egon bada, EH Bildu izanda. EAJren atzetik kokatuz, 7 eserleku lortu ditu, orain lau urte baino bi gehiago. 112.443 boto (%23,94) lortu ditu, 2016an baino %6,38 gehiago; orduko hartan 99.610 (%17,56) bozka izan zituen.

PSE-EE izan da hirugarren indarra, aurreko hauteskundeetako hiru eserlekuak mantenduz. 63.843 (%13,59) boto izan ditu, 2016an 66.506 (%11,73) lortu zituen bitartean. Alderdia Ermuan atera da garaile 1.672 botorekin (%26,64), hiru lurraldeetan irabazi duen herri bakarra izanik.

Atzetik kokatu dira Elkarrekin Podemos eta PP+Ciudadanos, laugarren eta bosgarren postuan hurrenez hurren. 2016arekin alderatuz, bi eserleku galdu ditu Elkarrekin Podemosek, 40.340 (%8,59)  botorekin 2 eserleku lortuz aurtengo bozetan; 2016an bozka kopuru bikoitza izan zuen: 84.195 (%14,85).

PP eta Ciudadanosek eserleku bakarra lortu dute, zituzten bietako bat galduz. 32.018 (%6,81) boto zenbatu dituzte, duela lau urte lortutakoen erdia baino gutxiago; 66.091 (%11,65) izan ziren 2016an lortutako botoak.

Parte hartze baxua

1994tik ezagutzen den parte hartze txikiena jazo da gaurkoan. 1.794.316 pertsona zeuden bozkatzera deituak orotara: atzerrian bizi diren 75.998, eta EAEn bizi diren 1.718.318. Bozka ematera deitutako pertsonatik %52,86ak bozkatu du EAE mailan, eta abstentzioa  %47,14koa izan da.

Bizkaia izan da, Arabaren atzetik, parte hartzerik baxuena erregistratu duen lurraldea. Eusko Legebiltzarreko 2020ko hauteskundeetan parte hartzera deitutako 910.067 bizkaitarretatik %52,52ak parte hartu du, 2016ko hauteskundeetan baino 8 puntu gutxiagoko parte hartzea izanik; orduko hartan, parte hartzea %60,48koa izan zen. Abstentzioa %47,48koa izan da, orain lau urte %39,52koa izan zen bitartean.

Ikusi Bizkaiko datuak udalerriz udalerri infografia interaktibo honetan.