Espainiako Kongresuan ostegun honetan zegoen zalantza nagusia argitu dela dirudi: EAJk babestu egingo du Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioa. Pedro Sanchezi eskatu dio hemendik aurrerako erabaki legalak "kontsentsuz" hartzeko.
Jarraitu Espainiako Kongresuko seinalea zuzenean.
Aitor Estebanek Espainiako Kongresuan eman ditu EAJ-ren erabakiaren arrazoiak. Hemen bere hitzaldiaren muina::
"Ez dugu interesik estatua desegonkortzeko, baina ez dugu intentziorik Espainia gobernatzeko. Gure bizkarrera botatzea ustelkeriaren pisua ez du zentzurik. Gu saiatu gara hausnarketa sakona egiten, egoera ez da sinplea, eta irtenbidea eta ondorioak ere ez. Aurrekontuekin ere erantzukizunez jokatzen saiatu ginen, egoera delikatuan, hobekuntzak ekarriz, adibidez pentsioekin. Indarrean zegoen 155 artikrulua ere izan genuen hizketagai, hitz bete genuen, Govern-a eratzear zioala esan baikenuen eta halaxe da (...) Nahasmen egoera batean hobe da aurrekontu bat edukitzea. Aurrekontuak onartu eta hurrengo eguneko sententziak inpaktu handia izan du, gauzak horrela direla eta jendartean orohar eragin handia izan du. Erantzukizuna tribunalen bidez denboran diferitzeak kaltea ekarri diezaieke parterik ez dutenei (...) Sententzia txanponaren alde bat da, baina beste alde bat badago, momentu honetan Espainiako egoera ekonomikoa Europan beldurrez ari dira ikusten da. (...) Hautagai jauna [Sanchezi], espero dugu kontsentsu bidez hartuko dituzula aldaketa legalak eta hauteskundeak deitzea. (...) Mozioa aurrera aterako balitz egoera konplikatua litzateke baita ere, ez du harritzen zuen artean ere zenbaitek bertigoa sentitzea (...) Gobernu ahul eta konplikatua. Hau etengabeko pin pan pun bilakatuko litzateke. Lau alderdi nagusion artean sortu duzue egoera hau eta gero guregain dago erantzukizuna. Ez da erraza, baina egin behar da: etika politikoagatik eta erantzukizunagatik. Sententziak iragana eta geroa suposatu zuen. Euskal jendartearen gehiengoak eskatzen duenari erantzungo diogula uste dugu eta ardura ariketa bat da: baiezkoa bozkatuko dugu".
Erabakiaren inguruko zurrumurru ugari aurretik
Jeltzaleek ostegun eguerdian iragarri dute erabakia hartuta zeukatela eta Aitor Esteban diputatuak jakinaraziko zuela haren berri Espainiako Kongresuko saioan. EITBk aurreratu du EAJren jarrera zein izango den, Rajoy kargutik kentzearen alde egingo duela Sabin Etxeak. PPren iturriak aipatuz EFE agentziak zabaldu duen ohar batean oinarritu da irrati-telebista publikoa albistea emateko.
EAJko iturriek SER irrati kateari ere baieztatu diote jeltzaleen botoa hori izango dela eta dagoeneko Pedro Sánchezi eta Mariano Rajoyri komunikatu diotela.
Aitor Estebanek dimititzeko aukera eskainiko dio Rajoyri ere zabaldu da hasiera batean, gobernu-aldaketa berehala egitea eragozteko, ElDiario.es-ek argitaratu du albiste hori, baina azkenean dimisio eskaerarik ez da egon. Era batera edo bestera, Espainiako Gobernuko buruarenak egin duela dirudi.
Jeltzaleen bost botoei gehitu behar zaizkie Unidos Podemos, PDeCAT, ERC, Compromís eta EH Bilduren botoak, ostegun arratsalderako jada konfirmatuta zeudenak.
Mariano Rajoy joan egin da Espainiako Kongresutik eta ez da egun osoan itzuliko.
EH Bilduk ere zentsura mozioa babestuko du
EH Bilduk ere iragarri du babestu egingo duela PSOEk aurkeztutako zentsura mozioa. Nolanahi ere, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko bozeramaileak Pedro Sánchezi ohartarazi dio ez dezala nahastu boto hori PSOEri emandako babesarekin.
Beitialarrangoitiaren arabera, Rajoyk ala Sanchezek gobernatu, "ez dago alternatiba demokratizatzailerik" Espainiako Estatuan.