EAJk astelehen honetan sinatu du akordioa. ERCk arratsaldean du alderdiko zuzendaritzaren bilera eta bertan aztertuko dituzte PSOErekiko negoziazioak. Iturri ugariren arabera, bi alderdiek nahiko itxita dute akordioa eta Estatuko Abokatutzak Oriol Junquerasen alde egin duen eskaerarekin, akordioa publiko egitea egunetako kontua ei da. EH Bilduk oinarrien esku utzi du erabakia, baina abstentzioa proposatuko die.
PSOEren helburua litzateke Espainiako Gobernuko lehendakariaren inbestidura saioa aste honetan egitea eta ez datorrenean, zeinetan Torra lehendakariaren aurkako kargugabetze erabakia atera daitekeen eta horrek ERCrekiko negoziazioa korapilatu. Ebazpen hau Espainiako Hauteskunde Batzordeak jakinarazi behar du eta bertan kontserbadoreak nagusi dira. PSOEk 2019a bukatu aurretik iragarri nahiko luke akordioa, baina ERCk iragarri du jada urtea amaitu aurretik ez duela bilduko alderdiko kontseilu nazionala eta honen berrespena ezinbestekoa da akordioak aurrera egin dezan.
Nació Digitalek dioenez, aldiz, ERCk onartzen du akordioa gertu dagoela eta ez du baztertzen inbestidura saioa urteko lehen astean egitea. PSOEk, ostera, akordioa ixteko premia du eta ahal balitz, urtarrilaren 5ean nahiko luke amaitzea prozesua. Horretarako urtarrilaren 2an deituko litzateke Espainiako Kongresuko osoko bilkura. Horren arabera, lehen bozketa 3an egingo litzateke eta Pedro Sanchezek lehen itzulian izendapena lortzeko behar den gehiengo osoa ez lukeenez, urtarrilaren 5ean egingo litzateke bigarren saioa, eta orduan hautatu, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago liratekeelako.
Gobernuen arteko negoziazio mahaia
Hori izan ei da PSOEren eta ERCren arteko punturik gaitzena, beti ere Nació Digital-en arabera. PSOEk alderdien arteko negoziazio mahaia nahi zuen eta ERCk gobernuen artekoa. Alderdi errepublikarreko buru Pere Aragonesek jakinarazi duenez, mahai honek ez du eduki mugarik izango, egutegi zehatza finkatuko zaio eta akordioak bi gobernuen artean berretsiko dira. Denetarik hitz egin ahal izango da, baina PSOEk jakinarazi du jada epe motzean ez dagoela ezer egiterik ez Kataluniaren erabakitzeko eskubidearekin ezta amnistiarekin ere.
EAJk baiezkoa, EH Bilduk abstentzioa
EAJk eta PSOEk astelehen goizean sinatu dute akordioa, eta horren arabera EAJk baiezkoa emango dio Pedro Sanchezen inbestidurari. Hamabi puntuko akordioa sinatu dute, besteak beste honako hauek: Madril eta Gasteiz arteko desadostasunak ez judizializatzea; 2020an falta diren transferentziak Eusko Jaurlaritzaren esku uztea eta lehen sei hilabeteetan Nafarroara trafiko eskumenak eskualdatzea; bi erkidegoen gastu sabaia negoziatzea; Kataluniako egoerari irtenbidea eman eta EAEko Estatutu Berria erraztuko duten politikak bultzatzea; euskal selekzioetan aurrerapausoak ematea; eta abiadura handiko trena eta politika industrialetan inbertsio aurrerapausoak finkatzea.
EH Bilduren Mahai Politikoak bere oinarrien esku utzi du azken erabakia, baina inbestidura saioan abstenitzea proposatuko die. Bozketarako deia PSOEk inbestidura eguna zehaztu bezain laster finkatuko du. Abenduaren 17an PSOErekin Madrilen izandako bileran Espainiaren lurralde eredua, bakea, elkarbizitza eta gai sozialak izan zituzten hizpide batez ere. Presoen eskubideak bete beharra ere eskatu zuten ezker abertzalekoek, horretarako legedia bete behar dela adieraziz.