Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, EAJ eta PSE asteazken honetan bilduko dira akordioez hitz egiten hasteko. Bi alderdien arteko ituna berrestea da gertagarriena eta horren eraginez EH Bildu sei alkatetza gabe geratzea, baita PPk beste bat galtzea ere.
Asteazken honetako bileraren aurretik, bi alderdietako buruzagiek adierazi dute “egonkortasuna” bermatuko lukeen akordio orokor bat sinatzeko asmoa, duela lau urtekoaren antzekoa litzatekeena. Gainera, EAJk dagoeneko adierazi du PSErekin bakarrik bilatuko dituela akordioak udaletan eta batzar nagusietan.
Boterean dagoen blokea errepikatzeak botere handiagoa lortzen lagunduko lieke bi alderdiei, izan ere, EH Bildu zerrenda bozkatuena izan den hainbat udal kenduko lizkiekete koalizio abertzaleari: Gipuzkoan, PSEk Andoainen eta Pasaian alkatetza lortuko luke jeltzaleei esker eta EAJk berriz Lezon, Mendaron eta Soraluzen lortuko luke agintea. Araban berriz, Guardiako udala PPri kenduko liokete.
Paktu horri esker bakarrik mantendu ahalko lukete jeltzaleek pisu sinboliko handia duen beste alkatetza bat ere, Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren jaioterria den Alonsotegikoa, izan ere, azken bozetan EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak herri horretan.
Irunen beste formula bat komeni zaio EAJri
Bi alderdien arteko akordio-giroak baditu, ordea, salbuespenak. Andoainen gertatuko dena ikusteko dago eta, bereziki, Irunen jarrita daude begiradak: Gipuzkoako hiri horretan pasa den legegintzaldian jeltzaleen eta sozialisten arteko harremana asko gaiztotu zen eta legealdia amaitu aurretik EAJ oposizioa egiten aritu da Jose Antonio Santano sozialistaren aurka. Zenbakiek emango lukete udal-gobernua aldatzeko, EAJk EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen babesa jasoko balu.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Onda Vascan adierazi du kasu “berezia” dela Irungoa, “oso larria” izan zela herri horretan pasa den legegintzaldian gertaturikoa –Olanoren esanetan, Xabier Iridoy jeltzalea gobernu-taldetik bota zuen Santanok– eta “konfiantza haustura oso garrantzitsua” gertatu zela bi alderdien artean. Hala ere, bi partiduek “marko orokorra” ezarri ondoren Gipuzkoako negoziazio partikularrak egingo dituztela esan du.
Durango, Galdakao eta Elorrio
EAJ-PSE paktuek badute ifrentzua beste zenbait udaletan: EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat eginda Bizkaiko hiru herritan eskuratuko lukete agintea. Udal garrantzitsu berri batzuk lortuko lituzke ezkerreko abertzaleen koalizioak alderdi morearen babesarekin, besteak beste Durango (28.000 biztanle), Galdakao (30.000) eta Elorrio (7.000).