argia.eus
INPRIMATU
EAJ-k JxCat-en errespetu eskaerari
“Gutuna ez-jasotzat emango dugu, erantzun behar ez izateko”
  • EAJk abenduaren bukaeran zalantzan jarri zuen JxCat-en estrategia esanez ezin dela herrialde bat zuzendu “internet bidez”. Carles Puigdemonten alderdiak eskutitz bat bidali zion EAJko buruzagitzari, “demokraziarekin” eta Kataluniako gobernu osaketarekin konprometitzeko eskatuz. Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarren erantzuna ohiz kanpokoa izan zen: eskutitza ez zuela jaso esan zuen, erantzuna saihesteko.

Maddi Txintxurreta @mtxintxurreta 2018ko maiatzaren 29a
Andoni Ortuzar, EBBko presidentea (Arg: EITB)

JxCat-ek, alderdi jeltzalearen jarrerarekin kezkatuta, eskutitz bat idatzi zien EAJko buruzagiei, Puigdemonten alderdiko 34 diputatuen partez. Naizek jaso duenez, jeltzaleei adierazi zieten “sorpresa eta ezinegona” eragin zietela Iñigo Urkulluren adierazpen ugarik, auzitan jartzen baitzuten “Kataluniako Gobernuaren egiazkotasuna eta abenduaren 21eko hauteskundeen emaitzak fideltasunez betetzeko estrategia eta erabakiak”.

Horregatik, JxCateko legebiltzarkideek “gure diputatuekiko errespetua” eskatu dute, baita “Kataluniako autodeterminazio librearekin konprometituta dauden herritarren erabakia errespetatzea” ere: “Eskatzen dizuegu, finean, demokraziarekin konprometitzea eta gure instituzioak berrezartzea agintzen duten bozen emaitzekin, Puigdemont presidentea buru dela”.

EBBko presidente Andoni Ortuzarrek JxCat-eko Legebiltzarkide Taldeko presidente Elsa Artadiri eskutitz bat bidali zion otsailaren 2an: “EAJ eta neure burua Kataluniarekin batzen gaituen laguntasun harremanengatik, nahiago dut bidali zenidan eskutitza jaso gabetzat jotzea eta horrela ez erantzutea. Nahi duzuenean eta nahi duzuenerako, beti egongo gara zuekin elkartzeko prest Kataluniako lurretan edo euskaldunetan”.

EAJk hasiera batean Espainiako Gobernuarekin aurrekontuak ez adosteko arrazoia Kataluniaren interesak babestuz 155. artikulua indargabetzea bazen ere, badirudi EAJren eta JxCat-en harremanak aspalditik daudela kolokan. Aurrekontuak adosteari ere egin zion erreferentzia JxCat-en eskutitzak: “Ziur gaude ezein demokraziak ez lukeela ulertuko errepresio politiko egoeran laguntza ematea biolentzia, errepresioa eta elkarrizketarako ezetzarekin bandera josi dutenei, beraien bandera, Espainiako batasuna eskubide demokratikoen gainetik jarriz”.