Bere jarrera argi utzi du EAJk. Bat-bateko aldaketarik eman ezean, ez da Sarek antolatutako presoen aldeko manifestaziora joango urtarrilaren 10ean. Iazko manifestazioan egon bazen, egoera “ezohikoa” zelako izan zela esan du alderdi jeltzaleak.
“Tradizionalki ez gara joan manifestazio horretara, eta gainontzeko manifestazioetara ere ez dugu ordezkaririk bidaltzen”. Hala adierazi diote alderdiko iturriek Deiari.
Beste espetxe-politika bat behar dela uste badute ere, urtarrileko aldarrikapena ez zaie “mesedegarriena” iruditzen jeltzaleei, “gai bakar bat nabarmentzen delako bertan”.
2014ko urtarrilaren 11an 130.000 pertsona batu ziren Bilboko kaleetan, Gararen arabera. “Alderdiak ere joatea erabaki zuen, baina presoen eskubideetatik haratago zihoan ordukoa. Bake-prozesua eta normalizazio politikoa zeuden jokoan”, adierazi du EAJk.
Ikusi bideoa: "Herritarren adierazpenak konponbidearen aldeko Bilboko manifestazioan"