argia.eus
INPRIMATU
EAJ eta UPN, PPrekin bat frackinga bultzatzeko
  • Espainiako Gobernuak Hidrokarburoen Lege berrirako proiektua aurkeztu du Madrilgo Diputatuen Kongresuan. Proposatutako aldaketen artean hidrokarburoak ustiatzen dutenek ordaindu beharreko zerga bat dago; ustiatze horrek etekinak gizarte osoaren probetxurako izatea da helburua, Energia Ministerioaren esanetan.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko martxoaren 13a
Fracking putzuak AEBetan. (Arg.: Tim Evanson-CC By SA).

Aipatutako zergaren bidez lortutako diruaren zati bat ustiategien gainean lurrak dituztenentzat izango da, lege proiektuaren arabera; urteroko ekoizpenaren %1 poltsikoratzeko aukera izango lukete. Autonomia erkidegoek eta udalek ere eramango dute beren zatia.

Ekologistak Martxanek uste du neurriaren xedea gizartea “erostea” dela, frackingaren aurkako jarrera gero eta zabalagoa den honetan. Antzera mintzatu zen Izquierda Pluraleko Laia Ortiz, Kongresuko eztabaidan.

Funtsean, proposatutako zerga dagoeneko enpresek ordaintzen duten kanonaren gaurkotzea izango da. Bildutako diruaren zati bat lurjabeei banatzea da legeak dakarren berritasunik handiena.

Frackinga bultzatzeko asmoa salatu dute

Aurkeztutako osoko hiru zuzenketak (PSOE, Izquierda Plural eta talde mistoa, Amaiur barne) ezetsiak izan ziren, PP, EAJ, UPN eta Foro Asturiasen botoekin. Lege proiektuaren aurka agertu ziren taldeek salatu zuten batik bat frackinga bultzatzea dela gobernuaren asmoa.

Talde mistoaren izenean, “zenbait interes espekulatibo pribaturi” mesede egin nahi izatea leporatu zion gobernuari BNGko Rosana Pérezek. PSOEk, berriz, eskatu zuen haustura hidraulikoa erabiltzeko baimen guztiak bertan behera uzteko, ingurumenerako arriskurik ez dagoela erabateko ziurtasunez frogatzen ez den bitartean.