argia.eus
INPRIMATU
EAJ eta PSEren hitzarmena gertu Eusko Legebiltzarrean
  • Hiitzarmenaren “azken xehetasunak” adosteko Gasteizko Legebiltzarrean bildu dira gaur EAJ eta PSEko ordezkariak. Politika fiskala, zerbitzu publikoen sostengua eta ekonomiaren suspertzea izango ditu jomuga akordioak.  2014-2016 bitartean indarrean izatea da asmoa.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 09a

Alderdiek argitaratu duten prentsa-oharraren arabera, hitzarmenaren helburua “Euskadi jasangarriagoa, modernoagoa eta lehiakorragoa” egitea da. Horretarako, instituzio sarearen eta politika fiskalaren moldaketa adostuko dute.

Hitzarmenak aurrekontuen onarpena erraztea logikoa litzatekela adierazi du Andoni Ortuzar Euskadi Buru Batzarreko presidenteak. Haatik, Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak oposizioa izaten jarraituko dutela dio, hitzarmenaren bitartez zenbait erabaki adostu arren.

PSE eta EAJko ordezkariek adostu dituzten neurriak:

Lanpostuen sorkuntzari dagokionez, "Enpleguaren eta ekonomiaren suspertzerako plana". 5.740 milioi euro eta politika fiskaleko aldaketekin Jaurlaritzak irabaziko duenaren erdia. Horrez gain, inbertsioak adostu dituzte Ikerkuntza eta Garapenean, baita, programa berezi bat ere epe luzeko langabetu eta lan esperientziarik gabeko gazteentzat.

Politika fiskalari dagokionez, iruzur fiskalaren aurkako Batzordea sortuko dute. EAEko hiru Foru Ogasunen arteko lankidetza sustatzea adostu dute, eta neurriokin 2014 eta 2016 bitartean 1.500 milioi euro gehiago biltzea espero dute.

Zerbitzu publikoei dagokienez, 2008az geroztik martxan jarri diren berrordainketa sistema guztien baliogabetzea adostu dute EAJ eta PSEk.

Horrez gain, defizita %1,3 eta %1 bitartera jaistea lortuko dutela adierazi dute.