EAJko eta PSE-EEko Gipuzkoako buruek, Joseba Egibarrek eta Iñaki Arriolak hurrenez hurren, eta alderdi bakoitzaren EAEko buruzagi nagusi Andoni Ortuzarrek eta Idoia Mendiak negoziatzen segituko dute.
Jeltzaletasuna eta sozialismoa bikotekideak bilakatu dira erregimen frankistako ondorengo trantsizio amaigabean. Nazio proiektu antagonikoak izan arren, elkarrekin oheratzen ikasi dute demokrazia honetan.
Liskarrak liskar, adarrak adar, abarrak abar, amodio amorragarrian ikasi dute elkar jasaten. Euskal lurraldeen artean Gipuzkoa da paradigmatikoena.
35 urte hauetan abertzaleek azpijana egin diote elkarri. Jeltzaleek nazio izaerari ezin eutsiz, EH Bildu zaleek klase izaerari ezin taxua emanez, sozialistek bateko zein besteko desengainatuak bereganatu dituzte. Badira, hala ere, azpijanak eraman ezinik ezin gauzatuzko bikoterik. Lasarten duela lau urte geratu legez, gerta liteke ere Andoainen.
Donostia: EAJk lortu du boto gehien: 29.029. PSE-EEk 24.007. EH Bilduk 20.467. PPk 9.272. EAJk hiru zinegotzi irabazi ditu, EH Bilduk hiru galdu, PPk bezalaxe. PSE-EE parean geratu da. Eneko Goia jeltzalea izanen da alkate berria.
Irun: PSE-EEk 9.405 boto. EAJk 5.133. SPIk 5.106. EH Bilduk 3.486. PPk 2.196. PSEk zinegotzi bat irabazi du. EH Bilduk bi galdu eta PPk hiru. EAJ parean geratu da. Podemos/Ahal Duguren ildoko SPIk, bost zinegotzirekin, eman du danbatekoa. EH Bildu eta PP izan dira galtzaileak. Jose Antonio Santano berrindartua atera da berriz ere.
Eibar: PSE-EEk 5.596. EH Bilduk 3.210. EAJk 2.829. Irabazik 904. PPk 552. PSEk 10 zinegotzi ditu, oposizioko beste guztiek 11. EAJk bat irabazi du eta EH Bilduk bat galdu, 5 zinegotzi dituzte. Irabazi zinegotzi batekin sartu da udalean. PPk zituen biak galdurik, kanpo geratu da. Eibar sozialisten plaza historikoan Miguel de los Toyos alkateak segituko du karguan.
Errenteria: EH Bilduk 5.938 boto. PSE-EEk 5.276. Errenteria Irabaziz-ek 3.518. EAJk 2.725. PPk 877. EH Bilduk 7 zinegotzi ditu PSEk bezala. Errenteria Irabaziz-ek 4. EAJk 3; zeuzkan biak gorde ditu. PPk zituen biak galdu. EH Bilduko Julen Mendoza berretsia izanen da alkate karguan, Errenteria Irabaziz-en sostenguari esker.
Lasarte: PSE-EEk 2.540 boto (7 zinegotzi) EH Bilduk 2.365 (4). ADLOPek 1.480 (3). EAJk 1.428 (2). PPk 477 (1). EH Bilduk izan ezik, alderdiek zinegotzi kopuru bera dute. Ezkerreko ADLOP sartu da lau zinegotzirekin. Lasarteko soziologia ez da aldatu, aldatu dena da EAJren jarrera EH Bildurekiko. Duela lau urte EH Bilduk alkatetza eskuratu zuen tokiko jeltzaleen sostenguari esker. PSEko Jesus Zaballos izanen da alkate berria.
Pasaia: PSE-EEk 2.146 (5). EAJk 2.001 (5) EH Bilduk 1.834 (4). Pasaiak Ahal Du 1.113 (3) PPk 327. PSEk eta EAJk bina zinegotzi irabazi dute. EH Bilduk lau galdu. PPk bi galdu eta kanpo geratu da. Pasaiak Ahal Du sartu da indartsu. PSEko Izaskun Gómez izanen da alkate. Euskaraz poliki funtzionatu bide duen udalean, alkatea erdaldun elebakarra izaki. Funtsean, Irunen, Eibarren eta Lasarten bezalatsu.
Zumarraga: PSE-EEk 2.626 (8). EH Bilduk 974 boto (2). EAJk 893 (2). Irabazik 417 (1). PPk 155. PP kanpo geratu da. PSEk irabazi du “haren” zinegotzia. Irabazik EH Bildurena bildu duen bezala. Grosso modo, udalerri honetakoa lagin gisara hartu daiteke. Mikel Serrano sozialistaren gehiengoa osoa da, erabatekoa. "Serrano efektua" deitua.
Andoain: EH Bilduk 2.112 (6) PSE-EEk 1.887 (5). EAJk 1.750 (4) Ganemosek 555 (1). Irabazik 442 (1) PPk 289 (1). EH Bilduk zinegotzi bat galdu du EAJren mesedetan. Ezkerreko indar berriek bana irabazi dute. PPk zeukana galdu. EH Bilduk irabazi arren, PSEk bere hautagai Maider Lainez nahi du alkate. EAJk babestu beharko luke, baina sozialistek ez dute “tokiko jeltzaleen” sostengua bereganatu orainokoan.
Hernani, Oñati, Antzuola, Azpeitia edota Oiartzun EH Bilduko plazak dira.
Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta, Bergara, Azkoitia, Zarautz eta Zumaia, EH Bilduko plazak izatetik EAJrenak izatera pasa dira.
Gipuzkoako zentraltasun politikoa –edo ohatzea– jeltzale/sozialistena da. EH Bilduk espazio zabala hartzen du lurraldean, baina ez da behar lukeen bezain egoki ohatzen. PP ohatzearen ertz batetik zintzilik dago. “Nazio” gabeko ezkertiarrak eskalatzen ari dira beste ertzetik.