EAJko eta PSEko ordezkariek bilera egin dute astearte eguerdian Sabin Etxean. Maiatzaren 24ko hauteskundeen ondorengo egoera aztertu dute.
Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko presidenteak bileraren ostean egindako adierazpenak jaso ditu Deiak. Buruzagi jeltzalearen ustez, udaletan eta diputazioetan prest daude sozialistekin gobernuak osatzeko eta "egonkortasun formula" hori Eusko Legebiltzarrerako ere egokia iruditzen zaio.
Bi alderdien goi mailako ordezkaritzek osatu dute astearteko bilera. Sozialisten aldetik Idoia Mendia idazkari nagusiak, Miguel Angel Morales antolakuntza idazkariak, Begoña Gil politika instituzionaleko idazkariak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako idazkari nagusiek (Cristina Gonzalez, Mikel Torres eta Iñaki Arriola, hurrenez hurren) parte hartu dute.
EAJren taldean Andoni Ortuzar presidentea izan da buru eta berarekin batera EBBko Joseba Aurrekoetxea eta Koldo Mediavilla izan dira, baita Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako alderdiko presidenteak ere (Xabier Agirre, Itxaso Atutxa eta Joseba Egibar).
Pakturako aukerak
Bi alderdien emaitzek elkarrekin paktuak egiteko aukerak erraztu dituzte. Halaxe baieztatu zuen astelehenean bertan Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko jeltzaleen hautagaiak. Era berean, zaila iruditzen zaio ezker abertzalearekin akordioetara iristea.
Horretaz gain, Olanok aurreratu du prest daukala Gipuzkoako gobernu berria osatzeko taldearen “nukleo gogorra”. Kudeaketarako “oso hurbileko” jendea hautatu duela esplikatu du Olanok Radio Euskadiri eskainitako adierazpenetan.