Elkarrekin Podemosek frankismo garaiko epaiak indargabetzeko legea aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean. EAJ eta PPren ezezko botoengatik proposamena ez da aurrera atera.
“EAJk PPrekin bat egin du, eta frankismoaren biktimak iraindu eta umiliatu ditu.” Horrela laburbildu zuen EH Bilduko Julen Arzuagak atzo Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran gertaturikoa, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosek egin zuten prentsaurrekoan.
1936 eta 1978 urteen artean erregimen frankistako gerra kontseiluek onartutako sententziak indargabetzea eskatzen zuen lege proposamena aurkeztu zuen atzo Elkarrekin Podemosek osoko bilkuran. Jon Hernandez Elkarrekin Podemoseko eledunaren arabera “lege honekin, Gogora institutuak frankismo garaiko epaiketak zehaztu ahalko ditu, eta ordain juridikoa eman ahalko die biktimei”.
EH Bilduk lege proposamenaren alde bozkatu zuen. PSE abstenitu egin zen, arrazoi teknikoak argudiatuta, EAJk eta PPk aurka bozkatu zuten. Denera, 27 baiezko, 36 ezezko eta hamar abstentzio jaso zituen lege proposamenak.
EAJk, “argudioekin erabat ados” egon arren, forma kontuak direla eta aurka bozkatzea erabaki zuen, jeltzaleen ustetan Jaurlaritzak ez baitu eskumenik epaileen lanean sartzeko. EAJko Iñaki Agirre ordea abstenitu egin zen, Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakariaren iloba. Alderdi Popularrak berriz, lege proposamena “alferrikakoa” zelakoan bozkatu zuen aurka.
Ekainean Kataluniako parlamentuak aho batez onartu zuen frankismoko biktimei erreparazio juridikoa eskaintzeko legea. Elkarrekin Podemosek onartu zuen Legebiltzarrean aurkeztutako lege proposamena Kataluniakoan oinarrituta osatu dutela. Arzuagak gogorarazi zuen, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez diola Kataluniako legeari errekurtsoa jarri.