argia.eus
INPRIMATU
Lan-erreformaren kontra bozkatzeko eskatu die gehiengo sindikalak EAJ eta Elkarrekin-Podemosi
  • ELAk, LABek eta ESK-k EAJri eta Podemosi eskatu diete kaleratzeak bultzatzen dituen eta lan-harremanen esparrua errespetatzen ez duen lan-erreformaren aurka bozkatzea. Hala jakinarazi diete bi alderdi politikoei, gaur, urtarrilak 31, egindako bileretan. Bilera horiek EH Bildurekin urtarrilaren 28an izandakoaren jarraipena dira. Sindikatuen ustez, ez da nahikoa hitzarmen kolektiboen esparrua defendatzea, eta premiazkoa da kaleratzeen araudia ere aldatzea.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 31
ELA, LAB eta ESK-ko kideak EAJko agintariekin.

Bi alderdi horiei gogorarazi diete bi gai horietan aldaketak egiteko neurri eraginkorrena erreformaren kontra bozkatzea dela, eta, horrela, negoziazioak hastea, CEOEk ezarritako betorik gabe. Era berean, lan erreforma bertan behera uzteko emandako hitza betetzeko eskatu diote Podemosi, Langileen Estatuturako oinarri berri gisa. Bide beretik, ikuspegi zentralizatzailea baztertzea eskatu diote, eta nabarmendu dute negoziazio kolektiboaren euskal esparrua ezinbestekoa dela lan-baldintzak hobetzeko. Azkenik, gogorarazi diote kontzertazio sozialak langileentzako murrizketak onartzea baino ez dakarrela.

ELA, LAB, ESK, Steilas, HIRU eta Etxaldek, euskal gehiengo sindikalak, gogor kritikatu dute akordioa, PPk eta PSOEk 2010ean eta 2012an ezarri zituzten Lan Erreformak indargabetzen ez dituelako. Dekretu honen bidez, langileentzat kaltegarrienak diren neurriak mantendu eta betikotu egingo direla azpimarratu dute.

Kongresuan datorren ostegunean, otsailaren 3an, egingo den konbalidazioari begira, Madrilen ordezkaritza duten alderdi batzuekin bilera sorta hasi dute, eta euskal langileen ahotsa eta aldarrikapenak defendatzea eskatu diete, beren lan- eta bizi-baldintzak duintzeko behar dituzten aldaketak bultzatuz eta defendatuz.

Sindikatuek 2010 eta 2012 artean ezarritako hiru lan-erreformak indargabetzeko eskatu diete alderdiei. Erreforma horiek patronalari aukera eman zieten negoziazio kolektiboa alde bakarrez indargabetzeko, langileak merke kaleratzeko, malgutasuna ezartzeko, eta estatalizazioa edo mugikortasuna inposatzeko, besteak beste. Sindikatuek nabarmendu dutenez, langileen lan-baldintzak prekarizatzeko tresna diren heinean, behin desagertuta, lan-erreforma berri baterako negoziazioari ekin beharko zaio.

Helburua erreforma horiek erabat indargabatzea bada ere, berehala aldatu beharko liratekeen eta bereziki larriak diren gaien bi mahai sortu dira: batetik, kaleratzeko erraztasunak; eta, bestetik, lan-harremanen euskal esparrua erasotzen duen negoziazio kolektiboaren estatalizazioa.

Horrekin batera, txosten bat bidali da, aipatutako bi gaiak aldatzeko beharrezkoak diren proposamen teknikoekin, bi helburu zehatzekin:

1. Patronalak kaleratze objektiboak egiteko orain dituen erraztasunei izapideak egitea.

2. Gure negoziazio kolektiboa kanpoko esku-sartzerik gabe errespetatzea.

Konbalidazio horretan, eta betiere erabateko indargabetzearen bidean, bi gai horiek aldatu ezean, sindikatuek akontra bozkatzea eskatu dute.

Atzo, urtarrilak 30, euskal langileak Madrilgo akordioaren aurka mobilizatu ziren, aurreko lan-erreformek aplikatutako neurri atzerakoiei amaiera emateko. Otsailaren 2an beste mobilizazio-egun bat egingo da lantokietan.