argia.eus
INPRIMATU
EAJ eta EH Bildu buruan, abian da U21 hauteskundeetarako kanpaina
  • Urriaren 21ean EAEko legebiltzarrerako egingo diren hauteskundeetako kanpaina ofiziala abian da gauerditik. Inkesta guztien arabera, bi indar abertzaleak buru izango dira emaitzetan, eta EAJ eta EH Bilduren artean izango da lehia nagusia. Bestetik, PSE-EE eta PPk beherakada jasotzea espero dute medio ezberdinetako analista politikoek.

2012ko urriaren 05
Abian da ofizialki EAEko legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina.

1,7 milioi pertsonak dauka EAEko hurrengo gobernua hautatzeko eskubidea urriaren 21ean. Argitaratu den azken inkesta Garak eta Naizek publikatu dute gaur. Aztiker-ek egindako sondeoaren arabera, EAJk 26 aulki lortuko lituzke eta EH Bilduk 22. Ondoren letozke PSE-EE 14rekin, PP 11rekin eta Ezker Anitza 2rekin.

Honen aurretik La Razon egunkariak abuztuaren 27an argitaratu zuen boto intentzioaren inguruan inkesta. NC Report enpresak egindako lanak EAJri ematen zion garaipena botoen %31,2rekin; EH Bildu %26,5; PSE-EE %19; PP %14,1; IU %3,5 eta UPyD %3,1.

EAJ

Iñigo Urkullu (Alonsotegi, 1961) izango da EAJko lehendakarigaia. Euskal Filologia arloan Irakaskuntzan diplomatua da. 2007ko abendutik EAJko EBBko lehendakaria da, eta lehen aldia izango da EAJko lehendakaria EAEko lehendakari izateko lehiatuko dela.

Aurrekanpainan gehien nabarmendu duen ideietako bat, EAJren kudeaketa gaitasunaren ingurukoa da. Murrizketak egin beharko direla iragarri dute, nahiz eta adierazi duen irabazten badu osasunean, hezkuntzan eta politika sozialetan ez dutela halakorik egingo. Programan 2015erako EAEren status berriari buruzko galdeketa iragarri du.

Iñigo Urkulluren bloga eta EAJren hauteskunde programa.

EH Bildu

Laura Mintegi (Lizarra, 1955) izango da ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek osatzen duten EH Bildu koalizioko lehendakarigaia. Psikologian doktorea eta Historian lizentziaduna da. Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Saileko irakaslea da EHUn. Idazlea da eta euskal PEN Klubeko presidentea.

Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen du, baita krisitik ateratzeko aldaketa estrukturalak egin behar direla ere, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren sailen berrantolaketa. Politika egiteko beste eredu bat aldarrikatzen du.

Laura Mintegiren bloga eta EH Bilduren hauteskunde programa.

PSE-EE

Patxi Lopez (Portugalete, 1959) egungo lehendakaria aurkeztuko da berriz ere hauteskundeetara. PSE-EEko idazkari nagusia da. EAJkoa ez den lehen lehendakaria izan da PPren babesarekin, baina hauteskundeak aurreratu behar izan ditu honek babesa kendu zionean.

Krisi ekonomikoaren aurka egingo duela defendatzen du, eta azken hilabeteetan Rajoyren murrizketen aurkako diskurtsoa darabil. Abertzale eta konstituzionalisten arteko transbertsalitatea defendatzen du, independentzia bezalako proiektuen aurrean.

Patxi Lopezen bloga eta PSE-EEren hauteskunde programa.

PP

Antonio Basagoiti (Madril, 1969) izango da PPren lehendakarigaia. 2008tik Euskadiko Alderdi Popularraren buru da. Legegintzaldi honetan Patxi Lopez lehendakari jartzea ahalbidetu zuten, legegintzaldi amaieran babesa kendu bazion ere.

Austeritate neurriak defendatzen ditu, besteren artean, legebiltzarkideen kopurua murriztea, 75etik 60ra. Rajoyren erreformak defendatzen ditu. EAJ eta EH Bilduren balizko akordioaren aurrean Espainiako estatuaren batasunaren defentsan zentratzen du bere programa.

Antonio Basagoitiren bloga. (PPren hauteskunde programa ez dugu sarean topatu).

Gainerako alderdiak.

Ezker Anitza eta Ezker Batuaren artean izandako zatiketaren ostean, bakoitza bere aldetik aurkeztuko da hauteskundeetara.

UPyDk lau urtez ordezkaritza izan du Eusko Legebiltzarrean eta eserlekuari eustea izango du helburu.

Equok lehen aldiz ordezkaritza lortu nahi du Eusko Legebiltzarrean. Espainiar estatu mailako alderdi ekologista berria da.