Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidenteak kritika gogorrak egin dizkio Espainiako Gobernuak ezarritako neurri berriei. Funtsezkoa ez den jarduera guztia etetea “gobernu zentralaren gaitasun ezaren eta ezintasunaren adibide” dela adierazi du. Iritzi berekoa izan da EAJ, neurri horiek euskal ekonomiari kalte handia egingo diotela argudiatuz.
Espainiako Gobernuak estatu osoan jarritako neurriak erantzun positiboa izan du sektore askotatik. Sindikatuak alde agertu dira, neurria berandu hartu dela adierazi badute ere. Jarduera aurretik eten izan balitz kutsatuen kopurua baxuagoa izango litzatekela argudiatu du LABek. EH Bildu ere iritzi berekoa da, neurriak aurretik ezarri behar zirela adierazi du, Espainiako Gobernua “pandemiaren atzetik” doala esanez.
Kritikak kritika, gehienak bat etorri dira neurriak ezartzearen garrantziaz, eta berandu izanda ere, onartu egin dute jarduera eteteko erabakia.
Ez da horrela izan, ordea, Eusko Jaurlaritzako lehendakariarentzat eta EAEko patronaleko buruarentzat. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako ekonomia sailburuak neurri berriak “zentzugabekeria” direla salatu du, autonomia erkidegoetako industria berezitasunak kontuan hartu ez direlako.
Gogorragoa izan da Eduardo Zubiaurre Confebaskeko presidentea –kargu hori eduki aurretik, Eibarko EAJren Uri Batzarreko presidentea izan zen 2015etik 2019ra–. Salatu du Espainiako Gobernuak horrelako neurriak hartzen dituen bitartean gainontzeko herrialdeetako enpresek martxan jarraitzen dutela, eta beraz, euskal enpresek nabarmen galduko dutela. “Kaosean eta ziurgabetasunean” murgilduta daudela gehitu du, eta egungo egoera “amesgaiztoa” dela eta “beste maila bateko agintariekin esnatzea” gustatuko litzaiekela gehitu du.