Asteartean Gasteizko Udaleko oposizioko talde guztiek EAJ-PSE udal gobernuari eskatu diote Gasteizko Armentia-2 putzuan gasa dagoen ikertzeko lizentzia ez ematea. Asteazkenean, Arabako Batzar Nagusietan, PSEk ere bozkatu du gas putzua ustiatzearen aurka. Datorren astean mozioa eztabaidatuko da Gasteizko Udalean, eta orduan ikusiko da PSE eta EAJren arteko apurketa gauzatzen den. Berriztu mugimenduak protestara deitu du larunbat eguerdirako, erregai fosilen ustiaketaren aurka eta bestelako eredu energetikoaren alde.
Aste aldrebesa izaten ari da EAJrentzat, gas erauzketa bultzatzeko sustatzen ari den urratsei dagokienez. Gasteizko lurretan dagoen Subillako Armentia-2 putzuan gasa erauzteko baimenak lortu nahi ditu Eusko Jaurlaritzaren SHESA hidrokarburoen sozietate publikoaren bitartez –urtetan frakinga bultzatzen aritu zen berbera–. Mugimendu ekologistak salatu du Armentia-2koaren atzetik beste putzu asko etorriko liratekeela. Arabako Aldundian eta Gasteizko Udalean agintean dagoela baliatu nahi du EAJk, baina aste bakarrean gutxiengo nabarian geratu da bi erakundeetan.
Gasteizko Udala aurka
Asteartean Gasteizko alkate Gorka Urtaranek Klima Ekintzarako udal batzordean hartu zuen hitza. Gasaren erauzketa defendatu zuen, %100 berriztagarriak izango diren energien bidean "trantsizio" gisa: "Trantsiziorako energiarik onena da". SHESAk putzuan gas naturala dagoen ikertzeko baimena eskatu dio udalari, eta Urtaran ematearen alde agertu zen, herritarrek gasik ote dagoen jakiteko "eskubidea" dutela argudiatuta. Oposizioko talde guztiek (EH Bildu, Elkarrekin eta PP –PSErekin batera gobernatzen du EAJk Gasteizen, gutxiengoan–), baimena ez ematearen alde agertu ziren. Indarrean dagoen Hirigintza Antolaketa Plan Orokorrak ez du ahalbidetzen baimen hori ematea, eta une honetan udal gobernuak ez du gehiengorik hura moldatzeko.
Arabako Batzar Nagusiak aurka
Baina kolpe handiena asteazkenean jaso du EAJk. Arabako Batzar Nagusietako osoko bilkurak baztertu egin du gas putzua ustiatzeko proiektua. Mozioa EH Bilduk aurkeztu du lehenbizi, PSEk hori ordezkatzeko zuzenketa batzuk egin ostean, alde bozkatu dute PSEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. PP abstenitu egin da, eta EAJk soilik bozkatu du aurka.
Arabako Batzar Nagusiek uko egin diote Armentia-2 gas putzua ikertu eta ustiatzeari. Mozioak dagokien erakundeei eskatzen die "Gasteizen interes gorena defendatzeko, indarrean dagoen araudia betez, Subillan hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko edozein lizentzia eskabideren aurrean". Espainiako Kongresuari eskatu dio Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea ahalik eta azkarren onartzeko, "debekatuko duena hidrokarburoak esploratzeko eta ustiatzeko jardueretarako baimen berriak ematea". Lege horren onarpena erabakigarria litzateke, hortaz. Eusko Jaurlaritzari, azkenik, eskatu dio eredu energetiko berri baten alde egitea, eta horretan sakontzeko "eguneratu dezala Euskadi 2030 Energia Estrategia".
Arabako Batzar Nagusietan onartutako mozioak ez du ondorio praktikorik, Aldundiak ez baitu eskumenik arlo honetan, baina politikoki oso esanguratsua da: Eusko Jaurlaritzan elkarrekin gobernatzen ari diren PSE eta EAJren arteko arrakala publikoa. Arrakala apurketa bihurtzen den, datorren asteko Gasteizko Udaleko osoko bilkuran ikusiko da. Subillako putzuaren inguruko mozioa eztabaidatuko dute talde politikoek, eta PSEk bere jarrera argitu beharko du.
Larunbatean, mobilizazioa
Asteartean, alkatearen adierazpenen ostean, prentsaurrekoa eman zuen Berriztu plataformak, EAJ-PSEren udal gobernuaren aurka eginez. "Itxuraz kaltegarria ez den Armentia-2 esplorazio putzuaren atzean, ehunka mila hektareatan eragina duen plan handi bat dago", ziurtatu zuen mugimendu ekologistak. Putzuaren azpian Subillako akuiferoa dagoela azpimarratu zuten, "Euskal Autonomia Erkidegoko ur-erreserbarik handiena", eta ustiaketak arriskuan jarriko lukeela. EAJren asmoak, edonola ere, Armentia-2tik harago doazela ziurtatu zuten: "Subillakoa ez da putzu isolatu bat, ondoren euskal lurraldean ehunka putzu egin ahal izateko lehen pausua baizik". Larunbatean mobilizatzera deitu zituen herritarrak Berriztuk, Plaza Berrian, eguerdiko 13:00etan, Atea itxi erregai fosilei. Aldaketa klimatikoaren aurrean beste eredu energetiko bat lelopean.