argia.eus
INPRIMATU
EAErako neurri berriak ezarri ditu Jaurlaritzak
  • Miren Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jakinarazi ditu LABIren Aholku Batzordeak astelehenean erabakitako neurriak. Asteazkenetik konfinamendua ezarriko da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan, eta baita 500eko intzidentzia tasa baino gehiago duten herrietan ere. Eskola kirola baimenduko da, soilik entrenamenduetarako eta gehienez ere seiko taldeetan.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 11
Sagardui Osasun sailburua, prentsaurrekoan. Argazkia: irekia.eus.

Sagarduik egoera epidemikoa “kezkagarria” dela adierazi du astelehen eguerdian eman duen prentsaurrekoan, eta kutsatze tasaren joera goranzkoa dela. “Ziurgabetasuna” dela nagusi adierazi du, inguruko herrialdeen egoera eta Erresuma Batuko COVID-19aren aldaerari aipamena eginez. Egoera horri aurre egiteko, LABIaren Aholku Batzordeak neurri “prebentibo” berriak erabaki ditu, egun indarrean daudenak mantentzearekin batera. Hauek dira Jaurlaritzak hartutako erabakirik esanguratsuenak, dekretu bidez indarrean jarriko direnak asteazkeneko 00:00etan:

- Lurralde mailako konfinamendua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako.

- 500eko intzidentzia tasaren gainetik dauden herrien konfinamendua, mugakide dituzten herrietara joateko debekuarekin. Herri horietan taldeko kirola ere debekatuta egongo da. Astelehen eta ostegunero berrikusiko da herri horien zerrenda.

- Eskola kirola baimentzea, soilik entrenamenduetarako, eta gehienez ere seiko taldetan. Taldeak iraunkorrak izan beharko dute, eta debekatuta dago eladagelak erabiltzea. (kazetarien galderei erantzunez, Sagarduik ukatu du eskola kirola baimentzeko erabakia jendartean piztu diren protestekin zerikusirik duenik, eta erabaki erabat “teknikoa” dela ziurtatu du).

- 150 metro koadrotik goragoko establezimenduen gehienezko edukiera %40an, eta gutxiagokoak %60an.

- Apustu eta joko etxeek ateak irekitzeko aukera izango dute, ostalaritzako muga berdinekin.

Neurri berri horiez gain, egun indarrean dauden gainontzkeo neurri murriztaile eta debekuek indarrean jarraituko dute, hala nola: EAEko konfinamendu perimetrala, sei pertsona baino gehiago biltzeko debekua, kalean egoteko debekua 22:00ak eta 06:00ak artean; ostalaritzak eta jatetxeek beranduenez 20:00etan ixteko agindua –500eko intzidentzia tasatik goragoko herrietan itxiera erabatekoa–.

“Hilabete zailak datoz”

Sagarduik etorkizun hurbila ilun marraztu du –“Hilabete zailak datoz”–, baina baikor azaldu da, eta egoerari aurre egingo zaiola ziurtatu du. Helburua intzidentzia tasa 60ra jaistean ezarri du (prentsaurrekoan adierazi duenez, egun 300etik gorakoa da). Batetik, osasun azpiegitura, txertoa eta neurri berriak izango dira oinarria. Bestetik, auzolana “gakoa” izaten ari dela eta aurrerantzean ere izango dela adierazi du Osasun sailburuak. Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta Eudel auzolanean ari direla ziurtatu du, “gobernantza gardena eta lankidetza” oinarri. Herritarrei eskerrak eman dizkie erakusten ari diren arduragatik eta auzolanerako jarrerarengatik.